audio
hurrengoa

Little Broken Hearts

Norah Jones

Russ Meyerren lekua hartu du Danger Mousek, eta maisuki gidatu du Norah Jones lan berri honetan. Elkarrekin sortu dituzten hamabi kantuetan, abeslariak dimentsio berri bat erakusten du, eta bere ahotsa inoiz baino distiratsuago azaltzen zaigu. Meyerrek zuzendutako Mudhoney filmeko irudia erabili dute diskoko azala egiteko, eta Jonsek bere ibilbidean sinatuko duen diskorik sendoena kaleratu du.

hurrengoa

Blunderbuss

Jack White

Amorruz hasten du Jack Whitek disko berria; “Sixteen Saltines” kolpe indartsu eta zuzena da. Blunderbluss motako eskopetak jaurtikitako bala bat bezala da Whiten bakarkako lehenengo diskoa. Hainbat kolaborazio eta proiektutan ibili ostean, countrya, rocka eta bluesa nahasten dituzten abestiekin dator. Disko biribil eta beroa da, arnasa hartzen utziko dizkizuten balada goxoak ere erakusten dituena.

hurrengoa

Bloom

Beach House

Beach Housen laugarren diskoa da Bloom. Epe laburreko hypeak urteen, baina, batez ere, diskoen joan-etorria gainditu du, eta denbora bere alde jarri du. Askok Teen dream diskoarekin lortutako arrakastak itoko zituela uste bazuten ere, “Lazuli” bezalako kantuei esker, talde sendoa dela erakutsi dute. Disko magikoa da, lehen entzunalditik alboan izango duzuna eta, batez ere, zure bizitzari argi gehiago emango diona.

hurrengoa

Boys & Girls

Alabama Shakes

Diskoan erakusten duten arima taula gainean indartu egiten dela diote, eta Donostiako Jazzaldian ikusi ahal izango dugu hori. Erabateko diskoa da, riff eta konponketa bikainak erakusten dituena. Brittany Howarden ahotsarekin hazi egiten da diskoa, eta Whisky trago batekin ospatuko dituzu “I found you” bezalako abestiak.

hurrengoa

I Can’t Win

The Dealers

The Dealers talde gasteiztarrak 60ko hamarkadara eraman gaitu 7” honekin. Bi abestik osatutako singlea blues, rock eta beat doinuen erakusle garbi bezain zuzena da. “I can’t win” eta “Hypocondria” kantuen urduritasunak zapaldu egingo zaitu, dantzan jarriko zaituen txute bati esker. Hori gutxi balitz, zuzenean handitu egiten da bere bola sonikoa.

hurrengoa

Nuevo Catecismo Católico

Los años en Goo records

Dagoeneko inork gogoratzen ez duen 90ko hamarkadan gauza handiak egin ziren euskal musikan. Orain ez dagoen eszena sortu zen, fanzine, diskoetxe eta kontzertu areto ugariri esker. Nuevo Catecismo Catolicok bere lehenengo bi diskoak bildu ditu ezinbestekoa den berrargitarapen honetan. Euskal punk rockaren oinarriak jarri zituzten, eta hemen sortutako musikan sinesteko abestiak gauzatu zituzten.