• 1
  • 2
hurrengoa
emak bakia oskar alegria   emak bakia!

“Emak Bakia izeneko etxeaz eta filmaz gainera, esamolde euskaldun bera erabili dute beste artista batzuek beren sorkuntzetan. Nire filman, Emak Bakia izeneko etxea bilatzeaz gain, “anaiak” izan litezkeen proiektuak bilatu ditut. Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak, adibidez, beste lagun batzuekin batera, “Emak bakia baita” izeneko argitaletxe eta diskoetxea sortu zuten, 80eko hamarkadan, euren kaxa lan abangoardistak kaleratzeko. Firenzen, tendentzietatik urruntzen den “Emàk-Bakia” izeneko jantzi-diseinatzaile batekin egin nuen topo. Eta, azkenik, Emak Bakia musika talde madrildarreko Abel Hernándezez, filmeko eskenatoiak bisitatzeko eta soinuak grabatzeko gonbita jaso zuen, hain zuzen ere, pelikularen musika egiteko”.

etxea

“Emak Bakia baita / The Search for Emak Bakia filma Man Rayrentzat garrantzitsua izan zen etxe baten bilaketarekin hasten da. Artista estatubatuarrak euskal kostaldean igaro zituen udako oporrak, eta bertan kokatu zituen bere lehendabiziko bi film abangoardistak 1926an. Bilaketa ez zen erraza izan. Man Rayk pista gutxi ematen du etxea topatzeko, bi planu itxi soilik erakusten dizkigu: zutabe estraino bi erakusten dituen leiho bat, eta aldaba misteriotsu bat. Man Rayk etxearen izenarekin bataiatu zuen film hura: Emak Bakia, hau da, utzi pakean esateko beste era bat. Bi hitz horiek, fonetikoki, esannahia eta misterioagatik liluratu zuten. Emak Bakia izenak, Man Rayrentzat, bere zinea libertarioa, interferentziarik gabea eta arauetatik aske izango zela adierazteko balio izan zion”.

zoria

“Film zaharrekin bi berreskuratze prozesu ezberdin gertatzen dira. Batetik, berreskuratze kimikoa, Pompidou zentruak duela 15 urte egin zuena Man Rayren film guztiekin; eta, bestetik, beste berreskuratze mota bat, ez hain materiala, ni egiten saiatu naizena: film hura egiten erabilitako izpiritua bera berreskuratzearena. Lehendabiziko berreskuratzea egiteko nitratoa behar da. Bigarrenerako, zure burua zoriaren besoetan utzi. Man Rayk, bere film guztietan, behin bakarrik idatzi zuen izenburu bat maiuskulaz: LE HASARD. Zerbaitengatik izango da”.

printzesa

“Hau inmobiliaria filmea da, foot-movie erritmoan filmatua. Inmobiliaria, etxe bat bilatzeko beharrari jarraitzen diolako, eta bilaketa horren erritmoa, pauso erritmoa da. Ibilbidea beharrezkoa duen moteltasunez egiten da, bideak azaleratzen dituen altxorrak pasatzen ez uzteko. Road movie erritmoan bat batean pasako lirateke gure aurretik. Horregatik, oinez, topaketa magikoak gertatu dira. Filma zoriak eskainitako eureka ezberdinez osatuta dago, horietako batzuk hezur-haragizkoak. Bidean topatutako jendeari eginiko elkarrizketak daude, eta horiek dira filma geldirik geratzen deneko une bakarrak,
elkarrizketatuak eserita daudela hitz egiten dutelako. Aulkiak susmatzen direneko filma dela ikustea gustatzen zait. Eta, hoberena, aulki horietako bat tronu bihurtzen dela deskubritzea, bidean topatutako ezustekorik handienetakoa bertan esertzen denean: laurogeita hamabi urte dituen printzesa errumaniar bat, ping pong txapelduna, italiar poesiaren maitalea, Nabokov-en lehengusua eta inurrien usaimenean oinarrituriko tesia egin zuen biologoa”.

bidea

“Merezi duen abentura orotan gertatzen den moduan, garrantzitsuena ez da helmuga, bidea baizik. Etxea topatzea, azkenean, zoriaren beste opari batzuekin topatzeko aitzakia besterik ez da; esate baterako, pailazo baten hilerria, edo eta urdalde baten amesgaiztoak. Filmak itzulipurdi zaila proposatzen du: Tintin eta Asterix biñeta berean sartzen saiatzen da. Alde batetik, kronika bat da, kazetaritza fina, galtza bonbatxoekin bizitako abentura; baina, aldi berean, herriari eginiko kantu bat ere bada, non ehorztera erresistitzen diren munduen begirada basatia ere nabarmentzen den, hau da, lumadun kaskoarena. Guztia estropezuz marraztua, desbideratzez, jauziz eta bidean eginiko itzuliz betea, animalia bakarlari eta libre baten pausuak bailiran. Gidoiak lerro zuzenetik, taldean eginiko bideetatik, ihes egiten du, bide bete, aspergarri eta aurreikusiak direlako. Iruditzen zait hori dela leku berri eta ezezagunetara iristeko modurik aproposena, baten hegaldi zalantzatiari jarraitzea”.