paperpapers
hurrengoa

lasterka

jean echenoz. meettok

Zatopek. Fitipaldirekin gertatzen den moduan, ez diogu aurpegirik jartzen izenari, baina berehala jabetzen gara esannahiaz. Korrika hasi eta sekula geratu ez zen kirolaria izan zen Emil Zatopek. Ez zen Forrest Gump. Nahiko lukete Hollywood-en liburu honetan kontatzen zaizkigun Zatopek-en lasterraldien indarraren, sakontasunaren, sinpletasunaren eta edertasunaren printza soil bat filmatu ahal izatea. Lasterkan, fikzioa izan arren, ez dago asmatutako ezer; biografia bat ez den arren, Emil Zatopek inoiz baino gehiago ezagutzen dugula irudituko zaigu. Meettok argitaletxeak Jean Echenozen Ravel eta Tximistak eleberriak ere itzuli eta argitaratu ditu. Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen.

hurrengoa

cronicas de jerusalem

guy delisle.astiberri

Joe Sacco-k maisuki erakutsi zigun, Palestina izeneko komiki-kazetaritza lanarekin, Palestinan eta Israelen gertatzen zena. Delislek Cronicas de Jerusalem lanean, bere aurreko lanetan (Shenzhen, Pyongyang, Burma Chronicles) bezala, egunerokotasunetik eta esperientzia propiotik mintzatzen zaigu. Haren pasadizoak ez dira batere epikoak, baina detailerik txikienetan iradokitzen dizkigu lurralde “sakratu” horietan gertatzen diren injustizia, sarraski, bortxakeria eta surrealismo krudelaren adibideak.

hurrengoa

mu

borja iglesias. bidehuts

Musikazale baten eguneroko errutinetan oinarritzen du Borja Iglesiasek narrazioa. Afaria prestatzen, entsaioan, furgonetan edo hotelean, protagonistak espazio fisiko eta psikologikoak batu egiten ditu kontakizunean. Ezer gertatzen ez denean zer gertatzen den kontatzen du. Kontakizunean ez dago drama mingarririk, ez komedia garbirik. Generalizazioak ez dira inoiz justuak, baina Mu-n, gaztaroa per secula seculorum luzatu duen belaunaldi baten erretratua
eskaintzen zaigu. Sermoirik eman gabe. Normalki mu esaten ez duenak, mu esaten duenean izaten duen azpikarga sakonarekin.

hurrengoa

hausnart

aldizkaria.lapiko kritikoa

Hausnart Lapiko kritikoa kolektiboaren aldizkaria da. Ez dira gutxi, ez, lapikoan egosi dituzten hausnarketak; ezta urriak ere piztu dituzten eztabaidak. Bidean lagunak egingo zituzten, baina
baita etsai bat edo beste ere. Hala behar du izan gauzak argi eta ausardiz esaten direnean. Euskal
inteligentsia biziki astindu dute, batez ere ohiko txepelkerietan indartzen eta gotortzen direnen artean. Aldizkarian Galfarsorok kultur aniztasunari eta naziotasunari buruz idatzitakoa nabarmendu nahi dugu. Bai esaten duenagatik, bai eta Galfarsorok garatu duen idazteko estilo propioagatik. Pentsamendu anglosaxoia Euskal Herriaren eraikuntzaren alde. Astindu garuna, laguna!