hurrengoa
scaramangaren zinema aretoa maider gomez inchauspe   Ian Fleming-ek sortu zuen pertsonaia, eta zinemak egin zuen ezagun mundu osoan zehar. Tertuliakide orojakileek esaten duten moduan ordea, “denborak
gauza guztiak bere tokian jartzen ditu”. Esaldia ez da egia. Edo, behintzat, ez du justiziarekin inolako zerikusirik. Zenbat putakume bere “txaletean” hil den ikustea edo zenbatzea besterik ez dago. Kontua da, denborak gauzak bere
tokian jartzen ez baditu ere, denboraren iraganarekin jabetu garela James Bonden pelikuletatik gehien maite ditugunak ez direla ez 007 agentea, ez haren inguruan dabiltzan emakume lirainak. Ez, James Bond sagak probetxuzko ezer utzi badio munduari bere gaizkile bilduma da: Stavro Blofeld, Goldfinger, Dr. Kananga, Rosa Klebb, Jaws, May Day, Kristatos, Hugo Dax, Alec Trevelyan, Max Zorin, eta sagako nire film faboritoan (The man with the golden gun) azaltzen den Francisco Scaramanga. Erakutsi nahi dizuegun zinema areto berezi hau hark diseinatutakoa dirudi.

Ole Scheeren arkitektu bulegoak diseinaturiko zinema areto berri hau Tailandiako Kudu irletan eraiki dute, inguruko arrantzaleek eraikitzen dituzten langosta hazitegien arkitekturan oinarriturik. Ur gaineko zinema areto ikusgarri hau Yao Noi Film on the Rocks zinema jaialdiko lehen ediziorako eraiki dute. Irletako biztanleek eraiki dute, eta haientzat, behintzat, diru
sarrera bihurtu da zinema jaialdia. Bertara hurbildutako turista pijoek (pijoa ez den turistarik esistizten al da ba? Eta bai, zu ere, ilean rastak eginagatik, edo 3. munduko herrialde batean eskuz egindako pultserak saltzen ibili izanagatik, ez zara libratzen) ingurune ederrean ikusi ahal izan dituzte zinemaldiko filmak. Halakoetan, arazorik larriena begiak pantailan
ala pantailatik kanpo jartzea erabakitzea izan daiteke. Ingurune liluragarrian eraikitako arkitektura pieza ikusgarria iruditu zaigu.
Baina, perfektua izan zedin, Scaramangaren tiburoi gosetiak bota ditugu faltan zinema areto inguruko uretan.