hurrengoa
georges franju maider gomez intxauspe   “Dena da zine dokumentala”
Georges Franju (Fougères, 1912 - Paris, 1987)

Bizitzaren alor guztietan gertatzen den moduan, kulturaren alorrean ere dena neurtzeko eta sailkatzeko beharra dugu. Zineman, musikan bezalaxe, formatu eta iraupen zehatzetara mugatu beharra dago sormena. Eta iraupen eta formatu horren arabera ere lortuko du sormenak prestigioa eta onespena. Georges Franjuk film luze gutxi batzuk egin zituen, ezagunenak ziurrenik, baina iraupen laburreko filmetan erakutsi zuen modurik aske eta iradokitzailenean bere talentu mugagabea. 50eko hamarkadan, laburmetraiek loraldia izan zuten. Nagusiki Nouvelle Vague-k bultzatu zituen zuzendari gazteei esker. Franjuren lehendabiziko lanak laburmetraia dokumentalak izan ziren. 1935ean Henri Langloisekin batera Le Metro filmatu bazuen ere, bere lanik indartsuenak bigarren Mundu Gerraren ostean filmatutako hiru film izan ziren. Gobernuak egindako enkarguak izan ziren, gerra osteko Frantzia nola berreraikitzen ari zen erakusteko. Le sang des bêtes (1949) filman, Parisko hiltegi baten egunerokotasuna filmatu zuen. Bigarrena, En Passant par la Lorraine (1950), Frantziako industriaren modernizazioa erakusteko egin zen. Hirugarrena, Hôtel des Invalides (1951), gudako beteranoen hospitale batean grabatu zuen. Hiru pelikulak gobernuaren enkargua zirenez, “nire propaganda filmak” izendatzen zituen ironikoki Franjuk. Filmei, ordea, gordinkeria, industrializazioaren ondorioz jasandako lan esplotazioa, sarraski estetiko eta ekologikoa, eta, gudaren glorifikazioa baino, mezu
antimilitarista nabarmena darie.

Franjuren dokumentalek ez dute inongo zerikusirik Flaherty edo Grierson-en tradizio dokumentalista klasikoarekin. Zuzendari bretainiarrak bere iritzi, hausnarketa, poesia eta aldarrikapen sozialak barneratzen ditu bere lanetan. Neutraltasuna ez da aukera bat. Saiakera zinematografikoak dira bere iraupen laburreko piezak. Bere obran, aipatutako lanez gain, erreportaiek, Navigation marchande (1954) edo Le Théâtre National Populaire (1956), eta dokumental biografikoek ere badute tokirik: Le Grand Méliès (1952), Monsieur et Madame Curie (1956). Franjuren lanik ezagunena, ziurrenik, Les Yeux sans visage (1959) da, beldurrezko filmen generoan izenburu mitiko bihurtu dena. Franju ez zen apurtzailea. Ez zuen zinema iraultzarik abiatu nahi izan. Fizkioa eta dokumentala elkarrekin azaltzen dira ia gehienetan, eta bere filmografian behin eta berriro errepikatuko dira elementuak, hausnarketak eta ikonoak. “Hitzekin iaioa ez naizelako” formari garranzi handia ematen zion Franjuk, eta bere narratibaren muina
irudiekin osatu zuen. Gaztaroan antzokietan dekoratzaile gisa lan egin izana nabari zaio bere zentzu estetiko landuan. Beste inork ez bezala, surrealismoa, espresionismoa eta generoko zinemagintzarekin batu egin zuen dokumentalgilearen arima George Franjuk. Aurtengo Donostiako Zinemaldiak atal berezia eskaini dio zuzendari bretoiari.