hurrengoa
editore gonbidatua: judas arrieta    2005ean Txinara joatea erabaki nuenean, jendeak ero bat nintzela uste zuen; orain, askori balentria bat iruditzen zaio erabaki hura, eta aitzindari bat, bi potro dituen tipo bat naizela
uste du. Zazpi urte igaro dira, eta arrazoi dutela uste dut. Ero bat naiz. Ero zoriontsu bat.

Txina herrialde liluragarria da. Jendeak definitzeko eskatzen dit, hemen gertatzen denaz hitz egiteko eskatzen didate… Eta nik esaten diet badirela 500 euroko hegaldiak eta egin dezatela haiek ere erokeria bat. Txina kaos bat da, eta, hala ere, gauzek funtzionatzen dute; “far east” da, “izenik gabeko hiriaren legendan” bezala, aukeren eremua, egon beharreko lekua; bertan eroriz gero, ez zara sekula berriro altxatuko. Eta berdin dio zure bizitza erraza edo gogorra den, zeren eta txinatarrei kantatzea gustatzen baitzaie, eta bizitza musikal bat da. Txinatarrak gomaz eginda daude, malguak dira, ez dira inoiz hausten. Beijing bezalako hiri batean bizitzeko oso aproposa da superbotere hori.

Nire bizitza Beijinen aztoragarria da, ez nago inoiz geldirik, beti nabil mila gauza egiten. Urte hauetan era askotako lanak egin ditut: telebista saioak, erakusketak galerietan, museoetan eta klubetan, aktore lanak telesailetan, kazetarientzako lanak, elkarrizketak
musikari, artista, modelo, zinegile eta abarrei, enbaxadekin eta hainbat instituziorekin lan egin dut kultur ekitaldiak antolatzen…baina beti dut sentsazio bera: inork ez didala kasurik egiten. Beijingek 20 milioitik gora biztanle izango dituelako izango da. Eta, egia esan, txinatarrentzat nire moduko kanpotarrak inurri baten puzkarraren modukoak dira. Ez naute
herrialdetik botatzen emakume txinatar batekin ezkonduta eta zoriontsu bizi naizelako, eta
ongi portatzen naizelako, nire jaioterrian
portatzen ez naizen moduan.

Aldizkarian azaltzen diren gehienak, artistak, ilustratzaileak, diseinatzaileak, komikigileak,
idazleak, arte kritikariak, musikariak eta miresten dudan jendea dira, nire lagunak (maite
zaituztet!). Beijingeko eszena alternatiboan mugitzen den jendea da, ez “cool” edo interesgarriena delako, baizik eta hori delako egokitu zaien eremua. Urte batzuk barru goi mailan izango dira, eta ez kontaktuengatik edo aitapontekoengatik, baizik eta oso onak direlako.
Aldizkarian jorratu ditugun gaiak ere gertukoak izan dira, bitxikeriak, eta Txinan izandako
esperientzietan oinarritutakoak. Herrialde honetaz ematen den irudi estereotipatuarekin
inolako zerikusirik ez duena.

Amaitzeko, nire sekreturik ezkutuena kontatuko dizuet. Txinan zoriontsu jarraitzeko arrazoi
nagusia. Etxera itzultzen naizen aldioro, sofan eseri, telebista jarri, eta beti jartzen dute
Kung fu pelikula bat! YEAHHHHHH!!!!