hurrengoa
beijingen filmatzen: infernutik zerura eskalarik gabe    Beijingo uda partearen erdian lur hartzea, 20 milioitik gora biztanle bizi den sauna heze batean jaustearen modukoa da. Izerdiak ez du gorputzeko zirrikiturik uzten kortesiazko bisitarik gabe, eta arropak azalera itsasten zaizkizu. Arnasa hartzean, biriketaratzen duzun airea bigarren eskukoa dela usaintzen duzu. Ikara eta ezinegon sentsazio batek ez zaitu utziko egunotan. Kanpobasean urruneko mendi tontorrari
begira zaudenean bezalaxe. Filmaketa hau, ordea, ez da goi mailako mendi espedizio bat. Ez dago aklimatatzeko astirik, eta lanean hasi beharra dago.

Lantalde tekniko eta artistikoak osatu. Autobusa, metroa, taxia eta zapatetako zola gastatuz lokazioak bilatu eta arduradunekin negoziaketak egin, hizkuntzaren oztopoari behin eta berriro irtenbideak bilatu, hainbat lekutan filmatzeko baimenak eskatu (berehala jabetuko zara zerbait filmatu nahi izatera, egin behar duzun azken gauza
baimena eskatzea dela. Burokrazia txinatarraren kateak ez du etenik ez arrakalarik). Betebehar horiek porlan, altzairu, kristal eta errepidez jositako amaraun amaigabe batean, eta atsedenik hartu gabe, egin behar egunaren ordu eskasetan. Eskerrak bertan bizi diren lagunei. Haiek dira nire sherpa, soka eta oxigeno botila.

Eta, filmatzeko unea iristen denean, azaldu behar zuen norbait azaltzen ez denean, ezer ongi aterako ez dela uste duzunean, kamera martxan jarri, rec sakatu, eta bisorearen lau pareta ikusezinek mugatzen duten mundu horretan, bat batean, beste nonbait zaude. Argiak, itzalak, formak, espazioak, aktoreen begiradak eta keinuakā€¦ ordura arte anabasa zena, pantailatxoan perfekzio bihurtzen da. Traba egiten zuen guztiak orain filmaren alde egiten duela dirudi. Objektibo aurrean dagoen mundua zurea soilik izango balitz bezala. Ekaitzaren ostean hondartza zuretzat bakarrik geratzen denean bezalaxe. Istant labur batez Jainko. Eta ez duzu stop botoia sakatu nahi. Badakizulako une horretan, pantaila beltzean jarri eta menia amaituta, paradisutik infernura itzuliko zarela. 24 orduz kamera piztuta nahiko zenuke, eta Beijing leihatilatxo horretatik soilik begiratu.

Hiriaren zurrunbiloan, momentu labur horiek eternitate bat dirudite. Horregatik gozatu dut inoiz ez bezala Beijingen filmatzen.