hurrengoa
sortzaile eta artista gazteak nio liu   Urte askotan zehar, Beijing-eko hainbat artista gazte talderekin izan dut harremana. Harreman horri esker, ¨artista¨ hitzaren esanahi ezberdinak
deskubritzen joan naiz. Deskubrimendu hori errealitatearen irakurketaren ondorioa da, eta konturatu naiz sortzen duen oro ez dela derrigorrez artista. Nire inguruan, sortzaile gazteak harremanak ehuntzen eta arte berri bat sortzen saiatzen dira, baina horietako asko zaleak besterik ez dira, artista gazteak.

Beijing iragan eta kultur ondare aberatsa duen hiria da, eta ia gazte guztiek hara joan nahi dute esperientzia berriak bizitzera. Beijing-en bizi diren artista gehienak munduan betetzen duten tokia ulertzen saiatzen dira beren praktika artistikoarekin; artearen bitartez adierazi nahi dute beren burua, eta artista profesional bihurtu. “LVXIAO” (Eskola berdea) duela 10 urte Internet bitartez bildu zen artista gazte taldea da. Beren leloa: ¨Mundu guztia izan daiteke artista¨.

Taldearen nahia independentea eta autogestionatua izatea zen. Talde handia sortu zuten, eta, modu horretan, Txinako hainbat tokitan proiektu komun bat garatzeko gaitasuna lortu zuten, ohiko zirkuitu ofizialetatik at (galeriak, museoak…). Bestetik LVXIAO.COM webgunea sortu zen, artea eta ideiak partekatzeko asmoz, mundura erakusleihoa irekitzeko asmoz. Eskolak, arte zaleak eta profesionalak biltzen ditu, baina zure asmoa Beijing-en artista famatu bilakatzea bada, talde honen partaide izatea ez da bidea. Horretarako, galeriak, komisarioak, kritikoak, museo zuzendariak bisitatu beharko dituzu. Eta, bisitetan, ez ahaztu opariak eta dirua. Aberats izateko asmoa baduzu, aukera gehiago izango duzu
jatetxe bat irekitzen baduzu.

Egun, Beijingeko artista gazteen lanaren emaitza antzua eta itsua da. Gehienek ezin dute beren lanaren fruituak ematen duenarekin bizi, eta beren
ipurdia garbitzen ere ez dakiten artista ospetsuentzat lan egiten dute laguntzaile gisa. Badakit beren ametsek bizirik dirautela. Lagun batzuek lortu dute arrakastarik beren lanari itzuli komertzial bat emanez eta beren arima salduz. Artista independenteak direla diote, baina arima saldu dute, eta dirurik eta neskalagunik gabe jarraitzen dute, eta beren bihotz hautsia soilik geratzen zaie… Van Gogh ergelari gertatu moduan.