audio
hurrengoa

Lonerism

Tame Impala

Psikodelia eta rocka nahasten duen talde australiarra da Tame Impala. Bigarren disko honetarako, kantu emozionalak sortu ditu Kevin Parkerrek. Argitsuak eta hipnotikoak dira, sintetizadoreen eta gitarren nahasketan oinarrituak. Ahotsen melodiak maisuki landu dituzte “Be above it”, “Elephant” eta “Endors toi” kantuetan.

hurrengoa

Celebration rock

Japandroids

The Black Keysek bi kidek osatutako taldeen loraldia
ekarri du. Horien artean aurkitzen dugu Brian Kingek
eta David Prowsek osatutako taldea. Rock n´roll zikina dakarte, amorruz betea, eta “Evil´s sway”
bezalako abestietan Hüsker Dü-ren gitarra zertzeladak gogorarazten digu. Gaindosiraino hartuko duzun droga ona.

hurrengoa

Channel Orange

Frank Ocean

AEBetako R&B-aren ikur berri bilakatu da Frank Ocean. Abesteko darabilen erregistroa egitura berritzaileak dituzten oinarri elektronikoekin babesten du. Dubstep-etik haratago doazen doinuak dira, eta nortasun handia erakusten dute. “Lost” ezagunaren alboan, “Sierra Leone”, “Monk” eta “Pink Matter” nabarmendu ditugu.

hurrengoa

Shields

Grizzly Bear

Brooklyngo taldeak kantu sendoak egiten dakiela erakutsi du beste behin. Sentimenduen hondamenditik ateratzeko aproposa da disko hau; taldearen alderik poperoena erakusten dute “Sleepin Ute”, “Yet again”, “Gun-shy” edo “A simple answer” abestiek. Gainetik kendu ezinik ibiliko zara behin eta berriz entzungo duzun disko hau.

hurrengoa

Swans

The Seer

Bi orduko iraupena duen lan bikoitza osatu du Michael Girak. Abesti gordinak dira, behin eta berriz errepikatzen diren egitura astunekin osatuak. Indar handia erakusten duen diskoa da, eta zuzeneko ikusgarri batek babestuta dator. Urteko disko kuttunenen artean dago, eta, behin erritual ilun honetan barneratuta, ezin izango zara atera.

hurrengoa

Cantus Caterva

Hasier Oleaga

Ruper Ordorikaren taldean ikusten duzuen bateriajolea da Hasier Oleaga. Bateria jotzeko haren modu bereziak aspaldi harrapatu gintuen, eta, orain, bere proiektu propioarekin dator. Horretarako, hainbat belaunaldi batu ditu, eta “Tapitan Tabernikola” bezalako doinu kutsakorrak ekarri dituzte. “Hamairugarrena” ere burutik kendu ezinik gabiltza.