hurrengoa
supersweet    I  urko dorronsoro sagasti Imanol G. Alcón, Andoni Etxebeste eta Alvaro T. musikari trebatuak dira. Lehendabiziko biek Señor No talde mitikoaren partaide izan dira. Alvaro Chico Boom proiektuan gehitu zitzaien. 2010ean Supersweet sortu zuten hirurek. Iaz, The Hereafter diskoarekin entzulegoak eta kritikak bat egin zuten lana goraipatuz. Orain, zaleok eskertzen dugun proiektu bitxi horietako bati ekin diote. The Who taldearen Tommy Rock opera zuzenean jotzeko desafioa. Imanolen gitarra astinduek, Alvaroren teklatu zehatzak eta Andonik bateria jotzeko duen talentu estralurtarrak, hirukotearen ahotsen bateratze liluragarriari gehituta, Supersweet-en Tommy datozen hilabeteotan derrigorrez ikusi behar den zuzeneko bihurtu dute. Imanolekin mintzatu gara. Zergatik Tommy? Nola sortu zen The Who taldearen lan berezi hori berregiteko ideia?

Pasa den maiatzean, Chuck Prophet-ekin batera Bilboko Kafe Antzokian jo genuenean, Jerry Corralen irrati programan izan ginen. Radio Popularren “33 revoluciones” programa zuzentzen du Jerryk eta Izar & Star kontzertu zikloen antolatzailea ere bada. Artista bakoitzak bere errepertorio propioa, bere ibilbidean eragina izan duen beste artista baten errepertorioarekin batera jotzea da ideia. Ziklo hori ezagutzen genuen, eta pentsatzen hasita partaide bagina zein aukeratuko genukeen, argi genuen The Who izango zirela. Eta, halako batean, Jerryk Izar & Star-en parte hartzeko gonbitea egin zigun. Orduan hasi ginen pentsatzen zein disko izango ote zen aproposena. Nik ez nuen batere argi, baina Alvarok eta Andonik argi zuten Tommy aukera ona zela. Tommy ez zegoen The Whoren nire disko kuttunen artean, baina, egindako lan guztiaren ostean, maitasun handia hartu diot. Egindako lana ikusita, erabaki genuen ez zela kontzertu bakar bat izango baizik eta bira egingo genuela proiektu horrekin.

¿Diskoaz gain, filma ere gustatzen zaizue?

Nire ustez ez da erraz ikusten den filma. Oso ongi islatzen du kaos eta psikodelia ingelesa. Istorioa interesgarria eta gogorra da. Tina Turnerrek itzel egiten du Acid Queen-en papera, eta Keith Moon-ek ere oso ongi antzezten du bere burua. Ez nator bat Pete Townshend-ek filmeko soinu-banda sintetizadorez betetzeko erabakiarekin; istoriotik ateratzen naute. Emozionatu gabe, gustatzen zaidan filma da. The Who-ren jarraitzaile orok ikusi beharko luke.

Opera rock bat… Nagia ere eman dezake hasera batetan, baina zuen zuzenekoa ikaragarria da. Bukowskin eman zenuten lehen kontzertuan izan ginen, eta jendeak elkarri begiratzen zion ikusten eta entzuten ari zena ezin sinetsita… Zaila izan al da Tommy zuen hirukote formaziora moldatzea? Nolakoak izan dira entseguak?

Eskerrik asko; lehen kontzertua zela kontuan hartuta, kontent gara emaitzarekin. Badira findu behar diren gauza batzuk oraindik. Opera rock bat izanik ere zuzenekoa oso indartsua da. The Whoren zaleek ez ezik, edozein pop-rock zalek gozatuko duena. Maiatzaren amaieratik ari gara entseatzen. Kantu multzoak landu ditugu erabakitako ordenari jarraituz. Ahotsentzako entsegu bereziak ere egin ditugu. Bakoitzari egokien zetozkion ahotsak egokitu zaizkio. Andonik, adibidez, primeran egiten du Uncle Ernie-ren ahotsa; Moon-en paperean hainbeste sartzen da biribil geratzen zaiola. Tommy egiteak duen gauzarik onena, ikasten eta musikari gisa hezten laguntzen digula da. Lehen erabiltzen ez genituen erregistroak ari gara erabiltzen orain. Eta bai, zaila da Rock historiako lau izar handi hauen kantuak moldatzea, are gehiago hirukote bat zarenean.

Originalari leial izan eta hitzez hitz jarraitu, ala zuen doinu propioa eman… Non kokatzen da zehazki Supersweet-en Tommy?

Nik dakidala, Tommy-ren hiru bertsio daude. Batetik, 1969ko disko originala dago, bestetik, filmaren soinu banda originala, eta, azkenik, Live at Leeds delakoa. Gu hirugarrenean oinarritu gara nagusiki, baina disko originaleko ahotsen armoniak eta konponketa batzuk hartuz. Iruditzen zaigu zuzenekoetan erakutsi dutela beti The Who-koek euren ahalmena eta energia.

Lehenengoan izan ginela esan dugu; Tommy-ren zenbat emanaldi dituzue aurreikusita?

Izar & Star-eko datak pasa behar dizkigute oraindik, baina, honez gero, azaroa, abendua eta urtarrilean hamar bat data ditugu lotuta Asturias, Katalunia Galizia hainbat hiritan. Madrid, Zaragoza, Burgos, Leon eta beste hainbat tokitara hurbiltzeko asmoa ere badugu, eta datorren urtean Gipuzkoan berriro jotzeko ere bai.

Orain, ohiko galderen tartea. Topikoa da, baina benetan interesatzen zaigu zuen iritzia, urte mordoa daramazuelako hainbat taldetan bertoko musikaren panoraman: nola ikusten duzu eskena rokeroaren eboluzioa (edo inboluzioa) azken urteotan?

Musikak maila globalean pairatu du aldaketa, eta rockean are gehiago. Guk bizi izan dugu diskoetxeek diskoak argitaratu, banatu eta promozionatzen zuten garaia. Aretoek bertan jotzeko kontratatzen zintuzten. Egun oso zaila da minimoki lagunduko zaituen diskoetxe bat topatzea. Aretoek kobratu nahi izaten dute bertan jo nahi baduzu eta lan guztia zuk egin behar duzu zeure kaxa. Badira laguntza ematen duten instituzioak eta elkarteak, Etxepare institutua eta Buenawista Prolleckzion´s, adibidez, baina jende askok ez daki hor daudenik ere. Une konplikatua da industriarentzat; enpresa handiak ez dira hain handiak eta talde asko dago. Banda berriek zailtasun handiak dituzte modu aproposean garatzeko. Batetik, beren krisalidan geratzen diren talentuak daude, eta, bestetik, inolako interesik ez duten taldeak, irizpiderik gabeko diskoetxeen laguntza jasotzen dutenak. Partehartzaile ezberdinen hausnarketa orokor bat behar da: musikariak, enpresariak, aretoak, kontsumitzaileak. Globalki bizi dugun garaiaren isla da.

Tommy: The Who taldearen 4. estudioko diskoa eta historiako lehendabiziko rock opera. Pete Townshend-ek konposatu zuen disko ia guztia, John Entwistleren bi kantu eta Sonny Boy Willianson II.aren konposaketa bat izan ezik. 1969an kaleratu zutenean, muturreko kritikak izan zituen: Tommyk generoaren eta rockaren historian ate bat irekitzen zuela esaten zuten batzuek; beste batzuek, aitzitik, jorratzen zuen gaiagatik, diskoa debekatu beharra zegoela aldarrikatzen zuten. 1975ean soinu bandan oinarrituriko filma egin zuten. The Who taldeko kantaria, Roger Daltrey, izan zen protagonista.