hurrengoa
agnès varda: irudi buruxkaria maider gomez inchauspe   Sevillako Europar Zinema jaialdiak izaera berritu eta berritzailea dakar Jose Luis Cienfuegosen eta bere taldearen zuzendaritzapean. Europan ekoizten diren eta zinema-areto komertzialetara inoiz iristen ez diren fikziozko eta ez fikziozko film interesgarri eta kementsuenak ikusteko aukera eskainiko digu Sevillako jaialdiak aurrerantzean. Esandakoaren exenplurik argiena, aurten Agnès Varda zinemagileari eskainitako saila.

Belgikan jaio zen Agnès Varda (1928), baina Parisera joan zen ikastera eta han ezagutu zituen argazkilaritza eta teatroa. Gaixotasun terminala zuen lagun bati itsasoa erakusteko, filmetxo bat egin zuen kostaldeko Sète herriko arrantzale auzoan eginiko filmaketekin. Esperientzia haren ostean, zinemak betirako harrapatu zuen. Sète herrixkara itzuli zen eta La Pointe Courte filmatu zuen 1956an; Nouvelle Vague-ren aurrekaritzat hartu izan da film hura.

Vardaren filmografian hainbat gai jorratzen dira fikzioan eta ez fikzioan. Haren ikuspuntua, hala ere, ez da inoiz dokumental egile batena izan. Agnès Varda busti egin da bere filmetan (giza eskubideen inguruko Black Panthers, adibidez). Zinema feministaren aitzindari ere bada. Hori horrela izanik, Vardak aspaldian erabaki zuen emakumeen filmak soilik programatzen dituzten zinema-jaialdietan ez parte hartzea. Ez du proposamen itxietan sinesten, eta ez ditu maite generoaren mugetan oinarrituriko zinema proposamenak. Haren ikuspuntuak, kontraesana badirudi ere, eta mugimendu feministan hautsak harrotu baditu ere, kolektiboari mesede handia egiten diola sinesten dugu, feminismoan iritzi eta ikuspuntu bat baino gehiago daudela erakusten duelako.

Beste hainbat sortzaile ezkertiarrekin batera (Chris Marker, Marguerite Duras, Jean Cayrol, Jaques Demy senarra...), Nouveau Roman taldeko partaide izan zen. Bere filmetan, XX. mendeko bi zinema korronte nagusien artean igeri egin du ia beti Vardak. Cinema Vérité-ren estetika dokumentalista eta Nouvelle Vague-k ekarri zuen fikzioaren eta irudiaren aldarrikapena batu izan ditu bere lanetan. Hori da, hain zuzen ere, Agnès Vardaren begiradaren adierazgarri nagusia. 2000. urtean, Les glaneurs et la glaneuse liluragarria filmatu zuen, haren adinak eta baliabide eskasek zinema egiteko traba ez zirela frogatuz. Kamera domestiko batekin, eta Dogma zigiluaren marketing kanpainaren beharrik gabe, film horrek erakutsi zigun gure gizarte garatuan badaudela buruxkariak, Erdi Aroan bezalaxe. Vardak ohi duen moduan, zinemaren eta irudi filmikoaren trikimailuak azaleratzen ditu filmean zehar, bera, zinemagilea, filmean irudi buruxkari gisa azalduz.