audio
hurrengoa

Fade

Yo la tengo

Diskoa behin eta berriz entzuten duzun heinean, bere doinuetan galdu egiten zara. Abesti geldoak, lasaiak eta goxoak dira, gustura entzuten direnak. Talde beteranoa bada ere, argitaratzen duen disko bakoitza lehendabiziko lanen freskotasunarekin betetzen dute. Urte asko igaro dira aurreko estudioko lana kaleratu zutenetik, baina “Stupid things” eta “Before we run” abestiei esker urte hasiera alaitu digute.

hurrengoa

Arc

Everythinh Everything Arc

Manchesterretik datorren laukotearen bigarren diskoa
da Arc. Pop egitura ezinezkoak erakusten duten abestiez beteta dago. Ahots jokoek eta elektronikak energia berezia ematen dio diskoari, eta “Cough cough”, “Kemosabe” eta “Torso of the Week” abestiekin biziko dituzu momentu gorenenak. Muse taldearekin biran aritu izanak ez die nortasunean eragin. Eskerrak!

hurrengoa

California X

California X

Egungo taldeetan riff indartsuak eta distortsioa
faltan botatzen badituzu, hemen duzu bilatzen ari
zarena. California X Dinosaur Jr eta Hüsker Dü
taldeen eragina erakusten duen power hirukote bat da. “Sucker” eta “Spider X” abestietan hazi egiten da. “Spirit world” abestian punk doinuetara ere gerturatzen da. Bolumena igota entzun beharrekoa.

hurrengoa

Lysandre

Christopher Owens

Girls deseginda, Christopher Owensek bakarkako
ibilbideari ekin dio. Lan kontzeptuala sortu du:
musika talde bat, maitasuna eta bakardadea batzen
dituena. “Part of me (Lysandre epilogue)” abestian
desegingo dira guztiak, baina hori gertatu bitartean, “New York City” eta horren antzeko pieza loretsuak entzun ahal izango dituzu. Abesti laburrak dira, baina oso egitura borobilak erakusten dutenak.

hurrengoa

Awayland

Villagers

Kantu onak daude Connor O`Brien musikari irlandarrak gidatzen duen taldearen disko berrian. Folka elektronika ukituekin nahasteak soinu berezia ematen dio taldeari, eta “Earthy pleasure”,“Nothing arrived”, “Judment Call” eta “The Waves” kantuak barruraino sartuko zaizkizu. Hala ere, “Awayland” bezalako paisaia sonoroetan indarra galtzen duen diskoa da.

hurrengoa

Guadalupe Plata

Guadalupe Plata

Austinen Ryan Andersonekin grabatu du disko berria
Guadalupe Platak. Andaluziarrek, deabruarekin dantzan jarraitzen dute. Gordina eta mingarria da, psikodelia puntu batez hornitua. “Oh my bey”, “Rata” eta “Lamentos” doinu profanoek osatzen dute, besteak beste.Tequila botila edaten dugun bitartean, zure errautsak zapalduz dantzatuko dugu hildakoen dantza beltz hau.