hurrengoa
double session II: mermaids of tiburon    60ko hamarkadako Hollywoodeko estudio handiek bigarren mailako entretenimenduzko film merkeak ekoizten zituzten, garaiko zinema aretoen eskari zabala asetzeko. Izarren soldatetan, festetan eta
ekoizpen handietan ardurarik gabe xahututako dirua, langile eta aktore ezezagunak esplotatuz berreskuratzen zuten. ¨Mirari amerikarra¨ esaten diote askok horri. Estudioetan lan egiten zuten
¨esklabo¨ horietako batzuk jabetu ziren zinema
estudioetatik kanpo, eta modu independentean, filmak egin zitezkeela.

American International Pictures konpainia independenteak ekoiztu zuen eta Roger Corman mitikoak zuzendu zuen House of Usher (1960) filma izan zen urtegian lehen zirrikitua egin zuena. Ondoren, tsunamia etorri zen: makina bat film ekoiztu zen bitartekari eskas baina irudimen handiarekin. Cormanen moduan, John M. Lamb urazpiko kameralariak bere ametsa betetzea erabaki zuen, estudio handietarako lanean urte mordoa eman ostean. Amets horren izena berak idatzi, zuzendu, ekoiztu eta filmatu zuen: The mermaids of Tiburon (1961).

Mexikoko Tiburón uharteetan filmatutako istorio hau abentura ero bat da, Kaliforniako itsas biologo bat, perla bilatzaile mexikar gaiztoak eta sirena ederrak protagonista dituena. Gomazko tiburoi mekanikoak, Mexikoko arrantzaleak aktore lanetan, hanka sartze tekniko ugari, eta Diane Webber ederra perlak zaintzen dituzten sirenen erreginaren paperean. Lau urte beranduago, John M. Lamb-ek hamar minutuko zati bat gehitu zion filmari. Zati berri horretan, sirenen urazpiko irudiak besterik ez ziren azaltzen. Alde handia zegoen, ordea. Bertsio berrian, sirenak bularrak estali gabe azaltzen ziren. Kopia berriak egin zituzten, eta filma berriro estreinatu zen izenburu berriarekin: Aqua Sex eta The virgin
aqua sex.

Zine psikotronikoaren xarma. Familia osoarentzako abentura, batetik, eta logelako jolasetarako beroketa ariketa, bestetik. Lamb-ek ildo horri jarraitu zion bere ondorengo lanetan. Sexplotation azpigeneroaren harribitxi gehiago filmatu zuen: The Raw Ones (1965) kanpamendu nudista batean egindako dokumentala, Mondo Keyhole (1966) Los Angeleseko bortxatzaile baten inguruko fikzioa, eta, beranduago, M. C. Von Hellen ezizena erabiliz, sexua gaitzat zuten Sexual Freedom in Denmark (1970), Sexual Liberty Now (1971) eta Sex Freaks (1974) dokumentalak filmatu zituen. Mermaids of Tiburon ez da zinemaren historiara pasako. Zinematografiari dagokionez ez du inolako ekarpenik egiten. Baina badu bestelako baliorik: sorkuntza, ametsak egi bihurtzea, senari jarraitzea, bokazioa aldarrikatzea... Horregatik gustatzen zaigu guri film zatar hau. Edertasun naif eta sinplea estetikoki ere erakargarria zaigulako. Eta mila bider diru gehiago kostatu diren filmek lortu ez dutena lortu duelako: The baldeko orrialdeetan ateratzea.