haize, izar eta lizar. txakur galdu baten xenda    Naturak, orokorrean, garrantzi handia izan omen du egindako gauzetan, bai arte-lan handietan, bai marrazki txikietan ere. Naturak den dena inguratu eta zeharkatu du beti. Erakusketa hau ur-jauzi baten ekintzaren ondorioz sortutako putzu baten modukoa da. Eta putzu hori paisaia bat bezalaxe dago antolatuta, edo hala ikusten dut nik, behintzat. Horrela dago osatuta. Zentzu batean, artea ere natura da, eta erakusketa hau, paisaiekin egindako paisaia bat da, meta-paisaia bat.

Momentu hauetan, beti, erakusketak gauza arraro bat iruditzen zaizkit. Ez diet zentzu askorik ikusten. Beharrezkoa den gertutasun hori galdu ondoren, bat-batean, urruntasun anitz bihurtzen da. Margotzea edo eskultura egitea, eta gero hori erakustea, gauza aski abstraktoa suertatzen zait. Azken finean, pintura lan aski zaharra da eta erakusketen afera hau aski berria. Tailerra gauza aski bakartia eta intimoa da; erakusketa, aldiz, publikoari zuzendua da, eta harreman hori onartuegi dago. Erakusketa ondorio bat dela esaten dute batzuk, baino ez dute aipatzen zer ondorio mota den. Erakusketa bat uholde leherketa baten ondorioa da beti, bestela, nola liteke lana handitzen joatea erakusketan bertan, paretak gaindituz, ihes egin nahian...
Arte-lana natura da, natur basatia.


Txakur galduaren begitik

Berezia da txakur galdu baten ibilera eta portaera. Edonork bereiz ditzake, pittin bat aztertuz gero, txakur galduaren eta galduta ez denaren ibilerak. Biziki bitxia da mundua korritzeko txakur galduarena, txakur galduak ez baitu egiten bilatu baizik. Leopoldo Ferranen erakusketa, zentzu batean, bilatze horren paisaia duzu.

Markos Zapiain

Leopoldo Ferran artista irundarrak gizakiak duen jokabide oinarrizkoenari erantzuten dio. Nomada, ibiltari jarrera du. Instintuei eta beharrei jarraitzen die. Bere instalazioek, natura modu unibertsalean ulertzen dute. Aipamen hau ez da arteaz hitz egiten denean botatzen diren “boutade” horietako bat. Leopoldo kasuan ez dago natura eta ez-naturaren arteko banaketarik. Donostiako San Telmo museoarentzat egin zuen azal berria da adibiderik garbiena. Instalazioa, interbentzioa bera natura bihurtuta.