paperpapers
hurrengoa

mussche

kirmen uribe.

Editoreak kontrazalean egia esaten du. Liburu honen intentsitatea, baina, ezin du horretan bildu editoreak. Zuhurtziaz, kontentzioz idatzita, idazleak emozioa pilatzen du bor-borrean azken zatira iritsi arte. Han, aizkorakadak bata bestearen atzetik doaz, eztarriko korapiloa estutu eta malkoren batek ihes egiten duen arte. Amorruz eta harrotasunez. Zuk ere liburu batekin ezin dela malkorik isuri uste baduzu, oker zaude. Liburua nobela, eguneroko, saio edo olerki epikoa den ez du axolik. Laguntasunaren gorazarre baita. Taiboren arkanjeluen artean tokia izango zuen Musschek. Bada, liburu honetan datza Robert Mussche. Bai eta gutako bakoitzaren Mussche-ak ere.

hurrengoa

benditos críticos

laura baleztena, mikel belascoain

30 pertsonatik gora hartu du parte liburu-cd honetan. Musikariak, idazleak, ilustratzaileak...
guztiek, elkarlana eta garai zailetan loturak sortzearen aldeko aldarriaz. Liburuan atentzioa deitzen duen lehendabiziko gauza bikoiztasuna da. Bi izenburu eta bi azal. Mikel Belascoainek gizartea eta ekonomia ditu hizpide ¨memento crítico¨ izenburupean azaltzen diren testuetan. Laura Baleztenak, ¨benditas vacantes¨ izenpean, emakumeak protagonista dituzten zazpi ipuin idatzi ditu. Testuekin interaktibitatean, musika eta ilustrazioak ekartzen ditu disko-liburu honek, eta, parte-hartzaileen artean, El Columpio Asesino, Souvenir, Hoey and the Mussels, Jon Ulecia, Las Furias musika taldeak, bai eta Hector rra, eta Fermin Urdanoz artistak ere.

hurrengoa

alderik alde

maite gurrutxaga.

Maite Gurrutxagak, ilustratzaile orori gertatzen zaion moduan, edozein egoera edo aukera baliatzen du marrazten hasteko. Marrazkilariak buruan marraztu egiten du, musikariak buruan konposatzen duen moduan. Musikariak txistu egin edo kantatu egiten ditu bere musikamarrazkiak... Ilustratzaileak paperean marrazten ditu bere buru barneko doinuak. Horiek dira, hain zuzen, Maite Gurrutxagak koaderno formatu ederrean bildu dituenak. Palimpsesto baten moduan azaltzen dira unean uneko beharrari jarraiki marraztuak diruditen zirriborroak. Ederra ilustrazio lana; ederra horrelako lana argitaratua ikusteko aukera.

hurrengoa

bizientzat eta hilentzat

tomas transtromer. Itzulpena: juan mari agirreurreta.

Nobel saria jaso aurretik deskubritu eta erakutsi genizuen Transtromerren poesia The balden. Liburudenda batean, duela bost edo sei urte, kasualitatez eskuratu genuen egile suediarraren liburu bat gaztelerara itzulita. Poema batzuk irakurri, eta etxera eraman behar genuela erabaki genuen berehala. Horregatik iruditzen zaigu txalotzeko modukoa atzerriko egileak euskarara itzultzeko egiten den edozein egitasmo. Ahalegin horri esker gozatu ahal izan dugu, beste behin, egile suediarraren poesia sinple eta, aldi berean, sakona. Gutxik hitz egiten du naturaz Transtromerrek bezala.