hurrengoa
web meets app    Ukaezina da. Geroz eta gauza gehiagotarako erabiltzen dugu telefonoa. Oso epe laburrean smartphoneak gure egunerokotasunean txertatu eta ia-ia ezinbesteko gailua bihurtu zaizkigu. Argazki eta bideo kamarak, erloju, irrati, mp3 erreproduktore, gps,... duela bizpahiru urtera
arte erosten genituen gadget ugariren salmentak behera egin du nabarmen eta horietako askoren desagerpena saihestezina da.

Beherakada horrek ordea beste produktu edo berrikuntza baten gorakada ekarri du: App-ak. Aplikazioen munduan bizi gara gaur. Galdetu al diogu inoiz ze puntura arte behar ditugun deskargatzen ditugun aplikazio guztiak? Beste hainbat gauzekin bezalaxe behar bat ez zegoen tokian beharra sortu dugu eta aplikazioak jaitsi eta jaitsi gabiltza.. gehienetan behin erabili eta berriro ukituko ez ditugunak. Edozertarako sortzen dira aplikazioak. Doanekoaz zein ordaintzekoak. Hori bai, azken hauen prezioak merkeak izaten dira gehienetan.

Afera da, app-en ugalketa hau ez ote den neurriz kanpokoa, eta askotan zentzurik gabekoa. Izan ere, aplikazio askok ez dute telefonoek eskaintzen duten teknologia (geolokalizazioa,
azelerometroa, kamera...) erabiltzen eta funtsean, lehen webgunean modu aske eta irekian eskuratzen ahal zena, orain app baten bidez kontsumitzen dugu, horretarako beharrik edo onurarik ez dagoelarik.

Bestalde, mugikor eta tabletetarako app-en unibertsoa zatikatua eta itxia da. Zatikatua, mugikorrendako sistema eragile bakoitzak bere programazio hizkuntza eta ondorioz app ekosistema propioa duelako. Alegia, sistema eragile batentzat garatzen den aplikazioa ez dabil automatikoki gainontzeko sistema eragileetan. Horretarako, aplikazioa sistema bakoitzaren lengoaian birprogramatu beharra dago. Sistema eragile hedatuenak iOS eta Android dira. Baina badira gehiago: Windows, Blackberry OS, Nokiaren Symbian OS,...

Unibertso itxia dela diogu, sistema eragile bakoitzak bere denda duelako eta dendaren jabeak erabakitzen duelako zer app eskaintzen ahal den bertan. Alegia, sistema eragile hoien jabeek bere ekosisteman eskaintzen den informazio eta zerbitzuen gaineko kontrola dutela. Orain arte webguneetan libreki eskuratu genezakeen informazioa, orain aplikazio bidez kontsumituz, multinazional eta sistema eragile baten menpe jartzen gaitu. Webgunea unibertsala bada, aplikazioek orain kontsumitzailea zatikatu egiten du erabilitako sistema eragilearen arabera. Gainera, aplikazioak sistema eragile ezberdinetarako garatzeak lana biderkatzen du. Ez da errentagarria kasu gehienetan iOS, Android eta abarrerako aplikazioak garatzea. Webak garatzea ordea ez du halako arazorik. Weba unibertsala da eta egun edozein sakeleko telefonotik dugu webetan sartzeko aukera. Ez al litzateke logikoagoa sistema eragileek web garatzaileei aukera ematea mugikorretako funtzionalitate bereziak (geolokalizazioa, azelerometroa, kamera...) erabiltzeko? Horrek app-en oraingo zatiketa zein itxikeriari amaiera emango lioke, eta Apple edo Google bezalako multinazional erraldoienganako menpekotasuna arinduko luke ere. Iragartzen ari diren Firefox OS sistema eragile berriaren proposamena helburu horiekin jaio da eta garatuko dituzten lanabesak edonoren eskuetan
utziko dituzte. Ongi etorri Firefox OS, mugikorrean nahi zaitugu!