hurrengoa
getxophoto 2008 irudihiria    Iaz sortu zen Getxophoto ekimena Begihandi kolektiboak bultzatuta. Argazkiak protagonista dituen jaialdia da. Eta jaialdia diogu, Getxophoto urrun dagoelako ohiko galerietako giro hotz eta elitistatik. Argazkia kalera ateratzen du Getxophotok. Kale arte bihurtzen da edonoren gozamenerako. Argazkia komunikazio tresna herrikoi gisa aldarrikatzen du jaialdi honek eta esatea erraza bada ere, asmo hau gauzatzea ez da batere erraza izaten. Ohiko erakusketak baztertu gabe, argazkiak erakusteko gune eta eremu berriak bilatzen dira. Hiria da galeria. Interbentzioa egiten da espazio publikoetan, modu honetan hiri berari izaera berri bat emanaz. Hiritarrak ibilean topatuko ditu argazkiak: eraikinetatik zintzilik, paretetan esekita, erakusleihoetan paratuta... ikusleak ez du irudien bila ibili beharrik, han eta hemen topatuko ditu besteak beste Lobo Altuna, Gonzalo Azurmendi, Cecilia Paredes, Wang Quingsong, Andrea Sendón, La puerta abierta eta Osama Esid-en lanak. Alejandro Castellote komisarioak aukeratutakoaz gain, ekimen irekia da Getxophoto. Etengabeko proiekzio batean, herritarrek ateratako argazkien erakusketa egiten da eta jendeari euren hiriko postala egiteko aukera ere ematen zaio. Jaialdi gaztea da Getxophoto. Aurtengoa bigarren edizioa izan da. Aurreko bien arrakasta opa diegu datorren urtean, merezi dutelako, eta dugulako, Getxophoto bezalako jaialdi batek jarraitzea.