utamaroren bost emakumeak panpinak-dolls/argazkiak- photography: beruta /// ipuina-tale: odlok
irudia
Utamaro, Kenji Mizoguchik 1946an filmatu zuen Utamaro o meguru gonin no onna (Utamaro eta bere bost emakumeak) filmeko protagonista zen. Baina Utamaro bazen, halaber, XIX. mendearen amaieran jaiotako tatuatzaile japoniar famatu baten izena. Emakumeak soilik tatuatzen zituelako zen ezaguna. Emakumeen azala bezalako mihiserik ez zegoela esan ohi zuen.

masako: enperadorearen emaztea

Emperadorearen emazteak Utamaro jauregira ekarrarazi du. Emperadorearekin ezkondu zenean, emakume aberats eta boteretsu bihurtu zen, baina, ordainean, zin egin zuen ez zela inoiz jauregitik aterako. Jauregiko dorreari pisu bat gehitzen dio urtero, bertatik ahalik eta gauza gehien ikusteko. Badaki, ordea, badela sekula ikusiko ez duen zerbait. Eta horixe eskatu dio Utamarori tatuatzeko: itsasoa.


midori: prostituta eta utamaroren amorantea

Midori Utamaroren amorantea da. Utamarok gauero laztantzen du haren azal mihisea, baina ezin du bertan tatuajerik egin. Bezeroek ez dituzte tatuajeak dituzten prostitutak nahi. Utamarok, orduan, Midoriren azalaren koloreko tinta prestatzen du, eta amorantearekin betiko lotuko duen tatuaje ikusezin bat egiten dio. Tinta ikusiezinaz, bihotz baten barruan giltza bat tatuatzen dio. Modu horretan, beste inork ez dakiena daki berak: Midoriren bihotzaren giltza berak duela.


kazumi: etorkizunetik etorritako mamua

Amets batean azaldu zaio Utamarori Kazumi. Ametsean, Kazumik heriotza inguruan dabilkiola ohartarazten dio. Utamarok, ordainean, aingura bat tatuatzen dio. Ainguraren pisuak, mamu ez direnen artean ainguraturik bizitzeko aukera emango dio Kazumiri


tomomi: emakume kamikazea

II. Mundu Gerraren erdialdean gaude, eta Totomik, bere burua gizon gisa mozorrotu eta kamikazeen eskuadroian eman du izena. Utamarorengana doa eta enara baten tatuajea egiteko eskatzen dio. Enaren hegaldia trebea, aldakorra eta azkarra da, eta hori da, hain zuzen ere, bere hegazkinarekin objektiboa jo arte etsaiaren tiroak ekiditeko behar duena. Utamarok, pilotu jakak estaliko duen tatuajea egiten dio bizkarrean. Tatuajea egin bitartean, Utamaro isilik egon da. Enarak beti itzultzen dira etxera, eta Utamarok badaki hori ez dela irudirik egokiena kamikaze batentzat.


kokorokuro: heriotza

Atea jo gabe, Kokoro kuro Utamaroren tatuaje estudiora sartu da. Berak aukeratzen duen edozein irudi tatuatzeko eskatu dio. Lanean bere trebetasun guztia jartzeko eskatzen dio, hori izango delako bere azken tatuajea; izan ere, amaitu bezain pronto, heriotzak berarekin eramango du. Utamarok, sarraila bat tatuatzen dio bihotz baten barruan. Baina tatuajean giltzarentzat tatuatu gabeko espazioa uzten du. Heriotzari esaten dio ezin duela amaitu, giltza beste emakume baten gorputzean tatuatu zuela. Heriotza, giltzarik gabe tatuajea amaitu gabe geratzen dela jabetzean, haserre, zera esaten dio Utamarori: “beste emakume hori topatuko dut, larrutu dut eta giltza kenduko diot. Eta hori gertatzen denean, emakumea eta zu eramango zaituztet nirekin”. Utamarok barre egiten du. Azken finean, ez da hain ideia txarra izan bere maitalearen azalean berak bakarrik ikus dezakeen giltza tatuatu izana.