hurrengoa
santiago lorenzo    Francisco Garcia Grapoko kide da. Bere ametsak, sasian bizi den GRAPO kide zintzo batenak dira: justizia soziala, eta poltsikoan tabako pakete bat izatea. Halako batean, Franciscori primitiva tokatzen zaio. Une horretan bertan hasiko da bere drama partikularra. Franciskok ez du NAN-ik. 90 egun ditu loteria kobratzeko baina ezin du. Honela hasten da Santiago Lorenzoren Los Millonarios nobela. Santiago Lorenzo Portugaleten jaio zen 1964an. Izpiritu librerik, kontrolik gabeko sateliterik existitzen bada, izaki hori Santiago Lorenzo da. Aro digital aurreko edozein jardueratan mago bat da Santiago. Eskulangintzarako dohain berezi batekin jaio zen gizona. Eta pazientzia santuarekin ere bai. Horren lekuko, urteetan egin eta pilatu dituen maketak. Tren eta tren geltokiak, barkuak, hegazkinak, eraikinak… denetarik egin du Lorenzok, eskala txikian. Plastilinaz eginiko panpinekin animaziozko pelikulatxoak egiten hasi zen. Hezur haragizko ¨panpinekin¨ ere animatuko zen beranduago. 90eko hamarkadan eginiko film laburrei esker bere izena ezagun egiten hasi zen. Bru, Es asunto mío, Manualidades, Caracol Col Col film laburren ostean iritsiko zen bere lehendabiziko film luzea: Mama es Boba (1999); egun, kultuzko filmen kategorian dagoena zalantzarik gabe. Komedia gazi-gozo honetan, Palentziako nerabe baten istorioa kontatu zigun eta inork baino lehenago eraman zuen pantaila handira gerora bullying izenez ezagutu dugun fenomenoa. Pelikula aurreratu egin zen. Ez zuen merezitako oihartzunik lortu. Hamarkada bat beranduago arrakasta lortuko zuen post-umore (chanante-muchachada-noguera-venga monjas…) gisa ezagutzen dugun fenomenoaren aitzindaria izan zen ezbairik gabe.

Filmen eszenografian lan egiten du Lorenzok. Esan dugu esku trebeko artisaua dela. 2007an Un buen dia lo tiene cualquiera filmatu zuen. Eszenografia egile orok dakien moduan, zineak oso gutxi du egiatik. Eta Santiago Lorenzo bezalako ogi puskek ez dute gehiegi irauten uso-arratoien mundu horretan. Zine munduaz paso egin zuen, eta bere istorioak, gidoi formatuan baino, eleberri gisa idazteari ekin zion. Lorenzoren idatzietan, ironiak eta esperpentoak bat egiten dute. Bizi dugun gizartearen inguruko kritika zorrotz eta zehatzaren ostean, bat-batean, egoera surrealista eta sinesgaitza dator. Beti ere bere pertsonaiei egiazkotasun apurrik galduarazi gabe. Rafael Azconarekin konparatzen duten bakoitzean, Lorenzo lotsatu egiten da. Baina badu haren usainik. Aipatutako Los Millonarios liburuaz gain, Los Huerfanitos izenekoa ere kalean du. Azken horretan, zorrez beteta dagoen antzoki bat heredatzen duten anaia batzuen komeriak kontatzen dizkigu.

Egunero irakurtzen eta ikusten ditugun albiste edo estatistikek ez dute lortzen Santiago Lorenzok lortzen duena: haren lanak irakurtzen ari garen bitartean, aurpegian marrazten zaigun irribarrea supitoki izoztea. Zergatik? Santiago Lorenzok, kultur merkatua eta zirkuaren hariak mugitzen dituztenentzat “galtzaile“, “marginal“ edo 3. mailako jokalari litzatekeena, gure kezka, ilusio, desio eta beldurrak guk bizi ditugun moduan berean bizitzen eta kontatzen dizkigulako.