hurrengoa
obama art    Barack Obama hautagai demokratak, komunikatzaile eta hauteskunde kanpaina egile ezin hobeak topatu ditu artisten artean. Berez, alderdi demokratak modu marjinalean hasi zuen kanpainaren adar "artistiko" honek sekulako garrantzia hartu du. Herrialde sozialistetan agintarien ikonografiak duen garrantziaz jabetu eta estrategia horiek Warholen errepikapenaren teoriarekin batuta Obama marka eta ikonoa sortzea lortu dute.

Posterrak, kaleetan txantiloiez eginiko grafitiak, pegatinak eta bestelako kale arte estrategiek emaitza izugarri onak eman dizkiote hautagai demokratari. Guzti honen bidez, Obama, hautagai garaikidearen itxura ematen du. AEBtako egunkari eta aldizkari nagusiek islatu duten Obama Art fenomeno honekin gazte hiritarren hautagai gisa azaldu da Illinois-ko senadorea.

Petrolio konpainia eta arma fabrikatzaileekin konparatuta artistak ez zaizkigu bidelagun aproposegiak iruditzen ordea. Eta hori ere badakite demokratek. Horregatik, nahiz eta Obama Art mugimendua babestu, ez dute euren kanpaina ofizialean sartu. Argi dago gu bezalako ergelei atentzioa deitzen diela AEBtako hauteskunde kanpainaren alderdi "grafiko" hau, baina Obamaren webgunea bisitatzea besterik ez dago, errealitatea zein den jabetzeko. Sartu eta ikusiko duzuen lehendabiziko gauza sinatzeko gonbidapen bat da eta sinadurarekin batera egin beharreko diru donazioa. In God we trust.