hurrengoa
igo busera!    Ados. Ez duzu inolako asmorik New Yorkera joateko. Ez zara inoiz metroko 1 linean sartuko guk proposatutako esperimentu geologiko-soziala egitera. Lasai, badaude eta aipatzen dizugun esperimentua etxetik mugitu gabe ikusteko aukera. Michel Gondry-ren azkeneko filmak, The I and the We, gida turistikoetan azaldu ohi ez diren New York City eta newyorktar garaikideak ezagutzeko aukera eskaintzen dizu.

Ez da batere arraroa South Bronx-etik sekula atera ez den gazterik topatzea. Manhattan sekula bisitatu ez duen jende ugari bizi da New Yorkeko auzo ahaztuetan. Michel Gondryren kamara dardartiak nerabe talde bati jarraitu egiten dio; eskola amaituta, oporretako lehen egunean autobusera igo, eta Brox auzotik ateratzen dira gazteak. Film osoan haiekin batera egiten dugu txangoa, autobusetik ia jaitsi gabe. Bidaia geografikoaz gain, galtzaileen bandoan jaiotako gazte horien egunerokotasunera ere egiten dugu bidaia. Nerabe horientzat, beren munduan ez dagoena ez da existitzen. Smartphonetara itsatsita bizi den belaunaldi honek bere baitan bizi ditu aurrekoengandik heredatutako kanon estetikoen presioa, arrazaren afera, botere liskarrak...Filmak horretan guztian, eta haien ergelkerietan eta ametsetan sakontzen du, ia modu dokumentalean.

Larry Clark-ek 1995ean filmatutako Kids hartan, gizarteko goi eta erdi mailako familietako nerabeen norabide eza eta nihilismoa filmatu zituen modu estetizista batean. Gondry-k, berriz, film hartako nerabeen gurasoentzat lan egiten dutenen seme-alaben errealitatea erakusten digu. Literalki. Gondryk South Bronx-eko The Point erakundean (thepoint.org) tailer bat ematen ari zela izan zuen ideia. Bertoko nerabeen esperientziak jaso, eta tailerreko parte-hartzaileak aktore bihurtuta, haiekin egin zuen filma.