hurrengoa
coney island    Coney Island, izenak azaltzen duen moduan, Brooklyngo hegoaldean zegoen uhartea zen garai batean. Johannes Vingboom holandarrak 1639ko mapa batean izendatu zuen lehen aldiz: Koijin Eiland (Erregearen irla) izena jarri zion. Mendeetan, hondartza luze eta belarrez estalitako duna eremua izan da, untxien paradisu. 1829an bainuetxe bat eraiki zuten arte. Lehendabiziko hotela ere zabaldu zen urte hartan: Coney Island Hotel. Berehala bihurtu zen fama txarreko gune; jokoa eta prostituzioa nagusitu ziren deskantsurako bainuetxea izan behar zuen eremuan. Fama txarreko tokia zela esan dugu, baina kontrakoa esan behar genuke. Fama oso ona zuen, geroz eta jende gehiagok bisitatzen baitzuen Coney Island.

1879 eta 1886 urteen bitartean, hiru hipodromo eraiki zituzten Coney Island-en. Zaldi lasterketa eta apustuen hiriburu bihurtu zen. Baina 1908an apustuak debekatu ziren; gainbehera etorri zen, eta zaldi lasterketak desagertu egin ziren. ¨Enpresari¨ arraza berri bat berehala jabetu zen hiriko langileriak aisialdirako guneak behar zituela. Coney Island, orduan, taberna, legez kanpoko apustu gune, prostituzio-etxe eta kabaretez bete zen. Horiekin batera, bertara hurbiltzeko amua izango zen atrakzio parke bat eta zirkua eraiki zuten. Besteak beste, Al Caponek lan egin zuen Harvard Inn izeneko tabernan, eta Joe Masseria asasinatu zuten hango jatetxe batean. Garai hartan, Charles Feltman-ek hot dog-a asmatu zuen bere Conney Island-eko jatetxean. Trenbide konexioaren hobekuntzarekin, asko handitu zen bisitarien kopurua. 1920an, egunero milioi bat pertsona jasotzen zuen Coney Island-ek. The Nickel Empire gisa ezaguna egin zen, hori zelako trenaren prezioa Coney Island eraino joateko. Coney Island-en zegoen, gainera, inguruetako hondartza publiko bakarra. Udako egunetan, gainezka egoten zen Municipal Bath House zelakoa. Haren prezio herrikoiei esker, Coney Island izan zen, 1929ko depresioaren ostean, jendea jasotzen jarraitzen zuen aisialdi gune bakarretakoa.

II. Mundu Gerraren ostean, gainbehera etorri zen. Aisialdi formula berriak azaldu ziren, eta familiek nahiago zuten auzoko zinemara joan edo etxean telebista ikusten geratu. Coney Island auzoan ¨project¨ eraikuntza erraldoi ugari egiten hasi ziren. Auzo arriskutsu bilakatu zen, eta jendeak utzi egin zion hara joateari. Mende berria iristearekin batera, ordea, berpizkunde garaia bizi duela dirudi. Hondartzaz gain, atrakzio parkea berriro martxan da, eta inguruan zirku, burlesque eta beste hainbat espektakulu berreskuratu dira. Hala ere, eusten dio oraindik ere bere nortasunari. Langilego eta etorkinen bilgune herrikoia izaten jarraitzen du, eta, egun, errusieraz hitz egiten duten ¨enpresari¨ berezien bilgune ere bada.