hurrengoa
NYCn ligatzea    Giza harremanak ez dira batere errazak sagar handian. Kidetasun loturak egitea zaila suertatzen bada, maitasun harremanena ia ia mirari bat da. Errazagoa da sexu bikotea topatzea, harremanean sakonduko duen norbait topatzea baino. Bai, guk ere, hori entzun genuenean, txantxetan ari zirela uste genuen. Baina egia da, lagunok. Errealitate hori existitzen da, NYC-n adibidez. Hori bai, ez da guztia dirudien bezain erraza. Maitasun harremanek denbora eta energia gehiegi eskatzen dute, eta horiek ez dira edonola xahutzen hiri honetan. Ez dago ezustetarako tarterik. Eta epe laburreko harreman baterako ere, ez pentsa erlaxatzeko aukera handirik dagoenik. Errazagoa da konpromiso gutxiago eskatzen duelako, ados, baina baditu bere arriskuak ere. Ez dezagun ahaztu NYC-n gaudela, kalean bere buruarekin hitz egiten duen hiritar kopuru handiena izango duen hirian, ziurrenik.

Denbora alperrik galtzea pekatua da; horregatik daude zitak antolatzen eta gestionatzen dituzten hainbeste gune, zerbitzu eta enpresa. ¨Dating New York¨ idatzi bilatzaile batean, eta ikusiko duzue zertaz ari garen hizketan. Interneten agertzea harreman labur edo luzeetarako iraultza izan bazen, smartphonen zabalkundeak bigarren iraultza ekarri du. 1989an Billy Crystalek eta Meg Ryan-ek When Harry met Sally filmatu zutenean, New Yorkeko kaleetan, erakusketetan, tabernetan eta lagunartean egiten zuten topo elkarrekin. Ia 10 urte beranduago, Crystal ahaztu, eta mailez ligatzen zuen Meg Ryan-ek Tom Hanks-ekin, You´ve Got Mail filmean. Orduz geroztik ere gauzak izugarri aldatu dira. NYC The Dater´s Handbook liburuak jasotzen dituen zita baterako gomendioak irakurri besterik ez dago:

1- zita aurretik

google voice
Zure telefono zenbakia beste zenbaki batekin mozorrotuko duen zerbitzua eskaintzen dizu Google Voice zerbitzuak (google.com/voice). Zure telefonotik jarraitu ahal izango dituzu jasotako deiak eta mezuak, baina zure zenbakia ez da inoiz azalduko. Modu horretan, aldez aurretik arazo ugari saihestuko dituzu. Hori bai, harremanak aurrera egiten badu, lehen baino lehen azaldu iezaiozu telefono ¨kamuflatuaren¨ kontua.

errefusatze zerbitzua/rejection hotline
Telefono zerbitzu honen bitartez, zurekin zita lortzeko deika duzun pertsona astun horri ezezkoa emango diozu, zuk harekin hitz egin beharrik gabe. Aukera asko dago, eta guztiak zure eskura: Rejection Hotline delakoan, modu umoretsuan, neutroan edo agresiboan, deitzen dizunari harekin ez duzula geratu nahi esango dion mezua aukeratu dezakezu. New Yorkekoa hauxe: Rejection Hotline’s New York branch (212-660-2245).

2- zita bitartean

Hizketarago gaiak isilunetarako
Isilune deserosoek zita bat zapuztu dezakete. Une horietarako, presta ezazu aurretik elkarrizketaren gai-zerrenda. Baina bala guztiak goizegi gastatzen badituzu, badira elkarrizketa pizgarri diren aplikazioak (Conversation Starters
app, dohainik iPhone eta Android-en). 100 galderatik gora eskaintzen dizkizute itzaltzen ari den sua berpizteko.

dei automatikoa prestatu
Iraganean, komunera joan eta lagun bati hots egiten zenion hamar minutu barru emergentzia dei batekin zita zatar batetik salbatzeko. Egun, laguna ordezkatuko duen zerbitzu ugari duzu: berriena Bad Date Rescue (doan iPhonentzako). Programa horren bitartez, aldez aurretik prestatutako zure ama, nagusi edo bizilagunaren ¨emergentzia¨ deiak jasoko dituzu. 99¢-ren truke, bost aitzakia gehiagoren aukera izanen duzu. Egoera benetan larria bada, “quick rescue” aukerak, botoia sakatzen duzunetik 5 segundura hasi, eta 5 minutura jasoko duzu ¨emergentzia¨ deia. Android erabiltzaileek sistema berdintsua dute Fake-Call Me Free sistemarekin. Fake ’Em Out aplikazioak ere balio du iPhonerentzako, dolar baten truke.

3- zita ostean
hutsegitea onartu
Batzuetan, sinpleki, ez da txinpartarik sortzen. Ez da inoren errua. Besterik gabe, zure zitak ez ditu aurreikuspenak bete, edo zu zeu izan zara bestearenak bete ez dituena. Onartu huts egitea elegantziaz. Zita kidea gizaki dezentea izan bada,
bidal iezaiozu mezu bat zitarengatik eskerrak emanez eta opa iezaiozu zorte ona. Ergel hutsa bazen, ez du merezi zure denboraren une bakar bat gehiago. Gehienez ere, bidali zure desatsegina erakutsiko dion Someecard (someecards.com) ironiko bat.