hurrengoa
shopocalypse!!! reverend billy´s freakstorm    Hitz egin dezagun deabruaz. Noiz pasa ginen gizaki eta hiritar izatetik ¨kontsumitzaile¨ izatera? Noiz ahaztu genuen gauzak, produktuak, nonbaitetik datozela, norbaitek landutakoak direla, gugana iritsi aurretik bide bat egin dutela? Zer merkealdiren ostean baztertu genuen produktuek beren baitan izaera, moral eta etika bat zutela?

Galdera horiei guztiei eta askoz gehiagori erantzuten die Reverend Billyk zuzentzen duen The Church of Stop Shopping elizak. New York Cityko kongregazio erradikal horrek milaka fededun ditu. Reverend Billy artzainaren gidaritzapean, aktibista talde zabal batek kontsumoaren aurkako ekintzak eta ikuskizunak antolatzen ditu. Reverend Billyren elizak AEBetako nortasunaren ezaguera sakona duela frogatu du. Show bussines-a maite duen herrialdeari show bussines estrategien bitartez mezua zabaltzea lortu du.

Mezua zabaltzeko modu ugari eta desberdinak dituzte, baina betiere umorea eta entretenimendua izaten da oinarrian. Kalean antolatutako sermoiak, gospel koru oihulariak, makina erregistratzaileei exorzismoak, telefono mugikorreko opera…. Haren ekintzak, ordea, ez dira soilik ikuspegi mediatikotik eginak. Astero, adibidez, bizikleta manifestazioa egiten dute, parkeetara zaborra jasotzeko brigadak antolatzen, era askotako boikotak, politikariei telefonoz matraka emateko kanpainak, eta abar. Beste talde eta erakundeekin ere elkarlanean aritzen dira, eta hainbat kanpainatan hartu dute parte. Merkatu ekonomia basatiak gizakiongan eta ingurugiroan duen eragin zuzena salatu dute: Victoria Secret-en aurkako kanpainan murgildu ziren, urtero banatzen dituen paperezko 395 milioi katalogoetan ez dutelako birziklatutako osagarririk erabiltzen; Starbucks-ek Etiopiako kafe ekoizleei ezarritako prezioen eta neurrien kontra jardun ziren; JP Morgan Chase presionatu egin zuten Appalachia mendietan sarraskia egiten duten meategi enpresei laguntzeagatik.

Hala ere, haren eginkizun nagusia kontsumismoaren aurkako mezua zabaltzea da, eta, horretarako, Reverend Billyk eta bere jarraitzaileek ez dute aukerarik galtzen. Kalean, gune komertzialetan, antzokietan, eskoletan, parketan, telebistan, sare sozialetan…. beren ¨meza¨ antolatzen eta kontsumismoaren deabruaren kontra borrokatzen dute.