hurrengoa
battle for brooklyn    Gentrifikazioa (ingelesezko gentrification hitzetik): Eraldaketa eta berregituraketa prozesu urbanoa da, zeinean zonalde edo auzo bateko biztanleria, bere zonaldetik alde egitera bultzatua den, eta, aldi berean, biztanleriaren beste sektore aberatsago bat agertzen den. Brooklyngo auzoa AEBetako higiezinen operazio handienetakoan murgilduta ibili da azken urteotan. Atlantic Avenueko zonaldean hamasei etxe orratz eta kirol gune bat eraikitzeko hiri-plangintza berria aurkeztu zenean, halako kasuetan gertatu ohi den moduan, dena onerako eta auzoaren mesederako izan behar zen, eraikuntza enpresen iragarkiek zioten moduan. ¬®Alperrik galdutako espazioaren printzea¬® den Frank Gerhy-ri egin zitzaion enkargua -hala bataiatu zuten arkitektua NPR-n (National Public Radio)-. Berehala mugitu ziren mugitu beharreko hariak, eta, ordura arte sekula arazorik eman ez zuen zonaldean, egitura-arazoak eta erortze-arriskuak zituzten eraikuntzak azaltzen hasi ziren. Bata bestearen atzetik, bizilagunak kaleratuak izan ziren eta etxeak botatzeko aginduak ematen hasi ziren. Auzo berri bat eraikitzeko, arazo bat izaten da: aurretik bertan zegoen auzoa suntsitu beharra.

Enpresarien talde horretan Jay-Z ezaguna dago. Hark ekarri zuen New Jersey-tik Nets saskibaloi taldea Brooklyn-era. Auzoari nortasuna eta harrotasuna emango ziola aldarrikatzen zuen. Baina haren moduko raperoek aspaldi galdu zuten kalearekin harremana. Bling-bling. Kapitalismo basatiaren dirdirak zuritu egin du bere eta bere modukoen azala. NBAko taldeak jokatzen duen kirol gunearen inaugurazioan, NYCko Bloomberg alkateak esan zuen jendeak ez duela iragana oroituko, etorkizunera begira jarri dutela zonaldea. Baina ez zuen asmatu. Bizilagun eta auzoko erakunde ugarik gentrifikazio-prozesu hauek bultzatzen dituen sistemari aurre egin zioten, eta hala jarraitzen dute. Egitasmo horien artean dago Battle for Brooklyn filma; zortzi urtetan zehar Atlantic Avenuen gertatutakoak filmatu eta erakusten ditu. Suki Hawley eta Michael Galinsky zinegileek auzo zaharraren suntsipena, bizilagunen kanporatzea eta auzo berriaren sortzea filmatu zuten. Eta film arrakastatsuak hautsak harrotu ditu.

2012ko irailaren 28an, Jay-Z rapero eta enpresariak kontzertua eskaini zuen berak eraikitako kirol gunean. Egun berean, eta ordu berean, bloke erdira dagoen Dean Street-eko jolastoki batean, Battle for Brooklyn filma proiektatu zen. Ah, Jay-Z-k kontzertua eskaini zuen kirol gunearen izena Barclays Arena da. Beharrezkoa al da zerbait gehitzea?