hurrengoa
lau oroitzapen    New Yorken bizi izan diren lau euskal sortzaileri oroitzapen bat eskatu diegu. Hitzez eta irudiz. alex mendizabal

piano bat kalean abandonaturik
etxera igo ta alikate ta zinzela ateri
eskubiko pedala zapalduta
banan banan sokak forzatu, irauli
kraskatu arte hautsi armoniaren karraxi
kin__k dun____g ta kan____k

harkaitz cano

coney island

“Tableu vivant” deritzo aktore talde batek egiten duen koadro edo eszena baten errepresentazioari.
New York, ordea, “plateau vivant” bat dela esan daiteke, bere osotasunean. Bertan ikasi nuen nire
idazle bizitzako leziorik garrantzitsuenetako bat: denok gara denon pertsonaia. Rem Koolhasen Delirious New York liburu zoragarrian azaltzen da ongien nola Coney Island mundua jolas-parke bihurtuko zuen amets megalomano zoroa izan zen. Ametsa ez zen gauzatu eta jolastoki burlesko bilakaturik amaitu zuen. Hot dog merkeen eta dantzari exhibizionisten meka samur. Igande arratsalde bat Coney Islanden, udan. Pertsonaiez inguratuta eta pertsonaia bihurtuta zerorri. Jim Jarmusch edo Spike Lee nahiago duzu zuzendari? Denak daude zure baitan. Derrigorrezkoa: besapean Lawrence Ferlinghettiren A Coney Island of the Mind poemarioaren ale bat ekartzea (Yankee-en txapela eta eguzkitako betaurrekoak, aukeran).

kirmen uribe

ezkutuko altxorrak

2003ko martxoan joan nintzen estreinako aldiz New Yorkera, Bush presidenteak irakiarrei emandako ultimatuma bukatzear zegoela. Elizabeth Macklin idazleak gon- bidatuta joan nintzen, musikari lagun batzuekin batera, Manhattaneko lokal batzuetan emanaldiak egitera. Emanaldi horietako batean, Bowery Poetry Club izeneko aretoan, hizkuntzei buruz sekula entzundako definiziorik ederrena esan zidan Phillis levin idazle newyorktarrak.

Euskara deigarri egin zitzaiola esan zidan. Bazuela gure hizkuntzaren berri aurretik ere, ezagutzen zituela euskaraz idatzitako testuak. Irternetetik eta. Behin baino gehiagotan saiatu zela hitz horiek zer esan nahiko zuten asmatzen. Ezta hurrik ere. Baina zerbaitek atentzioa deitu zion: testuan agertzen ziren x guztiek. “Altxorraren mapa ematen du zuen hizkuntzak” esan zidan, “gainontzeko letra guztiak ahaztu eta x letran soilik arreta jartzen baduzu, altxorra non dagoen jakin dezakezula ematen du”.

Ezagutzen ez duzun hizkuntza bati buruz esan zitekeen gauzarik ederrena zela hura bururatu zitzaidan, altxor baten mapa.

maider lopez

leihoak, 2004.

Leihotik begiratzen dut. New Yorkeko paisaia urbanoari egongelako isla gainezartzen zaio. Mural bat paretan, ikuspuntu zehatz batetik begiratuta, paisaiarekin bat egin eta hiriko leiho piztuak seinalatzen ditu. Barne eta kanpo paisaia bat egiten dute.