hurrengoa
koipea erretzen edu lartzanguren   I  edu lartzanguren “Koipea erretzea” motorzaleen esamolde bat da, makina “ziztu bizian ibili” edo, bestela ere, edozein kontutan “gogor ekin” adierazteko. Ez naiz motorrean ibili, baina koipea erre, ondo erre dut gau honetan Txopper elkartean, errepideko fauna basatiarekin.

“Otso Gris esaten didate”, bota dit batek, eta zalantzan utzi nau, ezizena ez ote dion berak jarri bere buruari. Harro kontatzen dit auto bat suntsitu egin zuela behin kamioiarekin, errepide erdian, gidariak “barrabilak ukitu” zizkiolako. “Milioi erdi pezetako isuna jarri zidaten”; domina paparrerako.

Bai, Quadrophenia etortzen da gogora nahi gabe. Batez ere, antiklimax hori, protagonistak deskubritzen duenean Mod gazteen printzea (Sting) hotel bateko maleta-mutila besterik ez dela astegunetan: “Bellboy, bellboy!”.

Baina ez. Scooterzale haiek ez bezala, Harley jende honek ez du bizitza bikoitzik: Alaitz elkarrizketa berean mintzo da bere fruta negozioaz zein bere azken motorraz (dagoeneko seigarrena). “Neska horrek koipe asko erretzen du”, esan dit gero bizardun batek. Koipea erretzen ez duenean, inguruko herrixka bateko alkatea ere bada Xabi. Game of Thrones telesaileko pertsonaien hurrengo mugimendu estrategiko posibleen inguruan duen teoria konplexua kontatzen dit. Ez dut guztiz ulertu, aspaldi ez dudalako argi nor den nor saioan.

Kit Kat txokolatinaren asmatzaileen alaba Sarah ere hemen dago. Dioenez, Nestlek familiaren negozioa erosi zuenetik, Ingalaterra utzi eta handik hona dabil, motorista alderraia.

Eta adinarekin dotoreago moteroak: ximurrek edo bizar luze urdinduek itxura legendarioa ematen diete. Gau ilunaren kontra, koipe errearen kea eta argiarekin, pizti mitologiko bihurtzen zaizkit. Egia da, edan egin nuen. Baina mozkortu izana... ez dut gogoratzen.