paperpapers
hurrengoa

amanece que no es poco

jose luís cuerda / pepitas de calabaza

Jose Lui Cuerdak Amanece que no es poco (1989) filmatu zuenean, ez zuen susmatzen zer garrantzia izango zuen bere lanak ondorengo urte eta belaunaldietan. Film hura telesail izan behar zuen hasera batean, baina film izaten amaitu zuen. Eta orain, “una editorial con menos proyección que un Cinexin” leloa duen Errioxako Pepitas de Calabaza argitaletxe bereziaren eskutik, liburu bihurtu da. Filmaren gidoi osoaz gain, Jose Luis Cuerdaren beraren atariko luze eta interesgarriaz eta filmaketako argazkiz hornituta dator. Harribitxi bat.

hurrengoa

de rerum natura 5

zaldi eroa / elkarlanean

Zaldi Eroak Berrian argitaratzen dituen zintetan, gure egunerokotasunaren aurpegi absurdo, komiko eta patetikoa geratzen da agerian. Urtean behin, zinta horien bilduma eskuratzen dugunean, urtekaririk preziatuena bihurtzen zaigu. Eta, are garrantzitsuago, urtekaririk egiazkoena. Umorea, ironia eta samurtasunaz gain, kazetaritza garaikidearen adibide da De rerum natura. Bildumari errepasoa egitea besterik ez dago urteko gertakizunen analisi zehatza jasotzeko. Horregatik ez gaitu harritzen, Wikipedian, Lukrezio filosofo erromatarraren sarreran bertan, Zaldi Eroaren komiki-bildumaren aipamena azaltzeak.

hurrengoa

aiztoa eta arkatza

egile ugari irati jimenezek hautatu eta itzulia / ilustrazioak: antton olariaga / txalaparta

Aiztoa eta arkatzaren hitzaurrean, Harkaitz Canok Gorka Bereziartuari hartutako idazkurle neologismoa aipatzen du. Pentsa genezake literatur zale, aditu eta “kulturetentzako” beste liburu horietako dela hau. Irudika genezake Durangoko azokara mendizalez mozorrotuta doan jende gehientsuak ezagutzen ez dituen erreferentziez eta izenez beteta dagoela liburua. Laura Mintegi andereak esango lukeen moduan, bai, baina ez. Marcako horoskopoa irakurtzen dutenek ere gozatuko dute liburu honekin, zeren eta kiniela betetzen edo sare sozialetan mezuak jaso eta bidaltzen besterik ez bada ere, nor ez da idazkurle gaur egun?

hurrengoa

lunatikoak

egoitz etxebeste aduriz / ilustrazioak: manu ortega / elhuyar

Elhuyar aldizkarietako orrialdeetan ezagutu genituen ¨Lunatikoen klubean¨ biltzen ziren zientzialari eta pentsalariak. Orain, beste zientzialari batzuen konpainiaz, propio argitaratutako Lunatikoak liburuan iritsi zaizkigu. Zientziaren historian, emakume eta gizon ugarik, ia-ia ezezagunak asko, ezinbestekoak izan diren ekarpenak egin dituzte. Istorio horietako askoren atzean ezkutatzen diren bitxikeria eta argibide ugari kontatzen dizkigu lan honek, ilustrazio aproposez lagunduta. Horiek biltzen ditu liburu interesgarri honek, zientziaren mundua entretenigarria eta batere astuna ez dela frogatuz.