hurrengoa
pulgarsari: zinegile bahitzailea    ¨Zinemaren helburu nagusia herritarrak komunista zintzo bihurtzea da. Erronka historiko horrek, beste guztien artean, zuzendariak iraultzaren balioetan hezitzea eskatzen du¨. Kim Jong-il, Ipar Koreako presidente ohiak idatzitako ehunka liburuetako batetan topatua. Esan eta egin. Kim Jong-ilek, ez zuenez zuzendari egokirik topatzen bere herrialdean, Hego Koreako zuzendari bat bahitu zuen. Hezkuntza gune batera eraman eta, beste batzuen artean, Godzillaren bertsio sozialista filmatzera derrigortu zuen. Shin Sang-ok Hego Koreako zinema-zuzendari ezagunena zen 60-70eko hamarkadetan. Hego Koreako Orson Wells ezizenez zen ezaguna. Estilo propioa landu zuen, eta ikuslegoari entretenimendua eskaini zion Koreako gerraosteko urte grisetan. Choi Eun-hee aktore ezagunarekin ezkondu, eta herrialdeko bikote kuttuna bihurtu ziren. Harik eta, 1978an, Park Chung Hee generalaren gobernu errepresiboak haien estudioa itxi zuen arte. Zinema egitea debekatu zioten 20 urteetan 60 film baino gehiago filmatu zituen zuzendariari. Entretenimendu soilezko lanez gain, My mother and the roomer, The Eunuch edo The Evergreen Tree lanetan, injustiziaz betetako gizartea eta klase kontzientzia zantzuak zituzten pertsonaiak (gehienetan emakumeak) filmatu zituen. Horregatik itxi zioten estudioa, eta, behar bada, arrazoi beragatik izan zen Ipar aldeko agintariaren ¨zuzendari aukeratua¨.

Estudioa itxi eta berehala, Shin eta Choi banandu egin ziren. Hala ere, elkarrekin jo zuten Hong Kong-era, zinema egiten jarraitzeko asmoz. Shin films sortu zuten, eta, orduan, Ipar Koreako agenteak azaldu ziren ekoizle gisa mozorrotuta. Ez zen mozorroa, berez. Zineman inbertsioa egiteko modu berezia zutela esan genezake. Lehenik eta behin, casting baten aitzakian, Choi bahitu egin zuten, eta, gau berean, afari batean, Shin kloroformoz lokartu eta desagerrarazi zuten.

Ipar Korean esnatu ziren, eta, lau urtez, bikoteak ez zuen elkar ikusterik izan. Shin, hegoaldera ihes egiten saiatu zen berehala, baina harrapatu egin zuten, eta heziketa-eremu batera bidali. Hiru urte eman zituen han, lan astunak eginez, ozta-ozta bizirauten, eta gertatutakoaren arrazoia ulertu gabe. Egun batean, auto batean sartu, eta Choi emazte ohia bizi zen etxera eraman zuten. Astebete eman zuten han, giltzapeturik, baina eroso. Egun handia iritsi zen arte. Bikotea Kim Jong-il presidentearengana eraman zuten. Hark, hasteko, barkamena eskatu zien egindako harreragatik. Hura guztia ofizial batzuen hanka-sartzea izan zela azaldu zien (lau urte iraun zuen hankasartzeak), eta konpentsatzeko prest zegoela. Shin-en zinemaren jarraitzaile sutsua zen, eta Ipar Koreako zinema iraultzan parte hartzeko ¨gonbita¨ egin zien. Lider handiak ez zekien Choik elkarrizketa hartako 45 minutu grabatu egin zituela, bere eskuko poltsan zeraman merkatu beltzean lortutako grabagailu bati esker. Bizitza arriskatu zuen, baina, beranduago, grabaketa hura izango zuen frogarik indartsuena, Hego Koreara itzultzean, espioitza edo traizioagatik epaituak ez izateko.

Itzulera urte batzuk beranduago gertatuko zen, ordea. Horren aurretik, lider handiaren babesean, Ipar Koreako zinemaren industriako izar bihurtu ziren. Erregimenaren kuttun izanik,elitearentzat erreserbatutako bizimodua izan zuten. Shin, belarra jatetik, Ipar Koreako zinemaren gizon garrantzitsuena bihurtu zen epe laburrean. Zinemaren industriaren trikimailuen ezagutzaz gain (ekoizpena, banaketa…), istorio berriak kontatzeko modua eta teknika garaikideak ere eraman zituen Ipar Koreako zinemara. Luze gabe, munduko herrialde sozialista ugarietako jaialdietara joaten hasi zen, Ipar Koreako ¨zinema berria¨ erakustera. Zazpi film zuzendu zituen zuzendari gisa Shin-ek Ipar Korean. Horien artean, 1984an filmatu zuen eta paradoxikoki, bere filmik onena gisa aldarrikatzen zuena: Runaway. Hala ere, bere lanik ezagunena Pulgarsari izan zen. Pulgarsari, bi hitzetan, Godzilla sozialista zen. Errege zanpatzaile baten aurka herriaren alde borrokatzen zuen munstroa. Superprodukzioa izan zen, eta milaka soldadu eta baliabide erabili ziren Pulgarsari filmatzeko. Egun, Ipar Koreako erregimenaren metafora garbia ez ezik, zinema bizarroaren ikurretako bat bihurtu da munstro sozialista altzari jalea.

1986an, film historiko bat prestatzen ari zirela, (Mongoliar inbaditzaileak Koreara iritsi zirenekoa) Austriako banatzaile batzuekin zita egin zuen Shin-ek Vienan. Choi berarekin joateko eskatu zuen, aktore ezagun batek negoziaketetan lagunduko zuelakoan. Ipar Korean luxuzko bizitza bizi eta zinema egiteko baliabide guztiak izanik ere, ez zuten ihes egiteko aukera galdu. Lagun zuten zinema-kritikari japoniar bat beren taxian sartu, eta erregimenak beraiekin bidaltzen zuen agentea beste taxi batean sartzeko engainatu zuten. Jatetxera joan beharrean, AEBetako enbaxadara abiatu ziren, tentsioz betetako ihesaldi batean.

Hego Koreara itzuli zirenean, ez zieten oso ongietorri beroa egin. Beti izan da airean bikoteak beren borondatez ihes egin izanaren susmoa. Adibide modura, 2001eko Bûsango zinema jaialdian, Shin-i eskaini zitzaion ziklo berezian, debekatu egin zuten Runaway filmaren proiekzioa, Ipar Koreako propaganda zela esanaz. Shin Sang-ok 2006an zendu zen. Azken hatsa bota arte, beti izan zen pertsonaia polemiko eta deserosoa agintarientzat. Choik bere autobiografia idatzi zuen. Seulen bizi da egun.