hurrengoa
ilargiaren soinu gordina    Fred Cole, 60ko hamarkadan eta 13 urte zituelarik, Las Vegas hiriko The Lords taldearekin hasi zen musika munduan. Los Angelesera joan zenean The Weeds konboarekin elkartu (“You Must be a Witch” garage-rock gutiziaren sortzaileak) eta Lollipop Shoppe izen berriarekin, AEBtako ipar mendebaldean jotzen ari zirela, Fredek Toddy Connor izeneko neskatilarekin topo egin zuen. Bikoteak, Portland inguruan eraiki zuten bere ¨tippia¨ eta musika denda bat ireki zuten.

Fredek bitartean hainbat taldeekin jotzen jarraitu zuen eta Toddy musika ikasten hasi zen. 70eko hamarkadaren bigarren erdian, beren bizitza betirako aldatuko zuen zerbaitekin egin zuten topo: punk-rocka. Punk-rockaren energia eta bat batekotasunarekin maitemindu ziren eta urte batzuk beranduago, bikoteak Andrew Loomis bateriajolearekin batera, haien eragin guztiak bateratzen zituen taldea sortu zuen. Dead Moon talde zeharo independentea da. Kantak eta diskoak, haiek sortutako Tombstone Records zigiluaren bitartez kaleratzen zituzten. Biniloak ere, irrati emisora bateko sotoan aurkitutako tramankulu batekin fabrikatzen zituztelarik. Beti izan dira altxor bilatzaile sutsuak eta instrumentu zaharren bila abiatzen ziren EEBBtako errepideetan barrena. Haien etxea punk memorabillia eta instrumentu eta mota guztietako tramankulu zaharrez beteriko museoa da. Badakigu, hori gaur egun moda ergel bat bihurtu dela, mastilik gabeko gitarrak eta bateria elektronikoak boterean zeudenean, instrumentu zaharrekin jarraitu zuten taldeek balio erantsi handia daukate nire zerrendan. Eta antza denez, beste askorentzat ere bai. Taldeak, bere arima dun eta gordinarekin maitemindu zuen kultuzko jarrailea aurkitu bai zuten, batez ere Europa zaharrean.

San Franciscon ikusi nituen behin. Taberna zuloa SOMAn zegoen, lan toki eta biltegiz betetako desertu isil moduko bat dirudien auzoan. Iluna eta bakartia. Tabernara goiz heldu nintzenez Gill izeneko zerbitzari batek “adoptatu” ninduen, solasaldia eskaini eta pare bat pintetara gonbidatu ninduen. Taldea berandu iritsi zen eta zorte txarreko moteroen itxura zeukaten roadie zahar batzuk zebiltzan backline-a muntatzen. Kontzertua hastera zihoanean ordea, roadie haiek Fred eta Toddy zirela jabetu nintzen. Bonboaren gainean kandela bat zeukan whiskey botila batek ematen zuen argiaren inguruan topa egin zuten hiru taldekideek eta akelarrea hasi zen. Kontzertu osoan apenas hitz egin zuten bata bestearekin eta denbora gehiena begiak itxiak zituztela jardun zuten. Giroa oso astuna zen, batzuetan biolentoa zela ere esango nuke. Biker eta kamorrista dezente zeuden lehenengo ilaretan eta bakarrik joan nintzenez beldur apur bat ere pasa nuen. Tabernako barrara bueltatu nintzen kontzertua Gill-en babesean ikustera. Parekorik ez zuen elizkizun moduko bat izan zen, liturgia bat. Amaitzerakoan, taldekideak berak joan ziren merchandising-a saltzera eta zaleekin hitz egitera. Eta guztiarekin bukatu zutenean, instrumentu eta trasteak furgonetan sartu zituzten. 60 urte inguru edukiko zituzten orduan, eta zeramatzaten anpli-ak ez ziren txikiak.

Dead Moon 2006. urtean banandu ziren. Askok zioten aiton-amona pare hau zaharregia zela, behar bada, halako bizitza sakrifikatua eramateko errepidean. Baina bikotearen erantzuna hurrengo urtean etorri zen. Kelly Halliburton bateria jole gaztearekin elkartu, eta Pierced Arrows taldea sortu zuten. Jakin dudanez, VICE Records-ekin sinatu dute azkenaldian, eta berriz elkartu dira Dead Moon. Diruaren hotsak erakarri ote ditu gure aiton-amon xarmangarriak? Agian bai, baina, ze arraio! Hala bada, merezi dute arrakasta edo errekonozimendu pixka bat underground mundutik harago. Orain, uncool zena, cool bihurtu den garaiotan, akaso gure begiek halakorik ikusiko dute. “Dokumental bat merezi dute tipo hauek” pentsatuko du batek baino gehiagok. Too late, bizardun! Dokumental bat ere badute, orain dela 10 urte egina.

Fred eta Toddy-k bilobak dituzte dagoeneko, eta hauek Pearl Jam edo Foo Fighters-ek Portlanden ematen dituzten kontzertutara joaten dira, harro, beren lagunekin. Eddie Vedder edo Dave Grohl astunek beren aiton-amonek sortutako taldeari abestiak eskaintzen dizkietenean, nork ez luke halako aiton-amonik nahi? Badakit orain dena dela kultuzkoa, DIY eta hori guztia… baina hau benetakoa da, eta hauek bizimodu gisa aukeratu zuten bide hau, DIY kulturak oraindik izenik ere ez zeukanean. Supermerkatu txiki bat ere badute. Badakizu, tabakoa, garagardo urtua eta jaki gutxi batzuk saltzen dituzten ¨dendatxo¨ horietako bat. Eta beno, berez, Gill-ek pinta batera soilik gonbidatu ninduen...Badakiz...Do it yourself gezur txiki bat rock and rollaren mitologiaren zerbitzura. Zeren hori ere DIY da… Ala ez?