hurrengoa
Reverse graffiti garbia    I  dennis yang Grafitiaren bidez hiriko kaleak garbitu. Paretak margotuaz zikinkeria kendu. Grafitiaren aurkako lege guztiak hankaz gora jarri zituen artistaren istorio laburra. Kaleko paretak grafitiz "garbitzen" ditu Moose grafiteroak. Grafitiak, hiritar jator eta zintzoei sortzen dien kontrako iritziari hordagoa bota zien Moose ezizenez sinatzen duen grafiti artistak. Leeds hiriko gazte honek paretak margotu gabe margotzen ditu. Paretetako zikinkeria, hautsa eta loria garbituaz sortzen ditu bere obrak. Moose-k bere lanari "reverse grafiti" deitzen dio.
Paretak garbituaz grafitiak egiteko ideia, bere auzoan izan omen zuen. Etxerako bidean, tunel zikin batean, norbait ikusi zuen behatzarekin bere izena idazten. Orduz geroztik makina bat izan dira Moose-k graffitiz "garbitu" dituen paretak, tunel eta bestelako kale eremu zikinak. Hasera batetan Leeds-eko udaletxeko agintariek ez zekiten zer egin hiriko paretak garbituaz marrazten zuen artistarekin "Monty Python moduko epaiketa bat irudikatzen nuen beti. Hemen A froga: xaboi pote bat, B froga: galtzerdi pare zaharra...". Errepikakorra da agintari, politiko eta funtzionarioak ia beti, berandu, gaizki eta gizartearen urratsen atzetik ibiltzen direla esatea. Leeds-ko udaletxeko agintariek ez zuten artista honen lana begi onez ikusten baina ez zekiten zein neurri hartu bere grafiti garbien aurka. Ez dira oraindik konturatu Moose-ren "grafiti garbiei" esker, Leeds bezalako hiri gris eta gogor batek bere tartea izan duela mundu osoko arte aldizkari eta bilgune espezializatuetan.