hurrengoa
karmelo c. iribarren... ezezagun ezaguna    Nik ez nuen poeta gisa ezagutu. Donostiako portuko goi aldean zegoen Akerbeltz taberna mitiko hartako barraren beste aldean zegoen tipoa zen niretzat. Tabernan ez zegoenean alde zaharreko kaleetan barna ikusten nuen. Dozenaka aldiz gurutzatzen duzun pertsona ezezagun ezagun horietako bat zen.
Kontua da tabernari haren izena liburu batetan deskubritu nuela. Liburuaren azalak atentzioa deitu eta eskuetan hartu nuen "la ciudad" izeneko poesia liburu ederra. Eta ez dakit zein poema izan zen lehendabizi irakurri nuena, baina gustatu zitzaidan eta liburua erosi egin nuen. Ez dakit zein momentuan jabetu nintzen liburu eder hura idatzi zuen poeta eta portuko goi aldeko tabernaria pertsona bera zirela.
Ezezagun ezagun haren poemek dimentsio berri eta gertuagoko bat hartu zuten bat batean. Ez zen liburu bat kaleratua zuelako. Hori egun edonork egin dezake. Ez. Liburu hartan, poema formatuan kontatzen zituen pasadizoak emozioz, ironiaz eta bizi minez beteak zeudelako. Tabernari izatetik poeta izatera pasatu zen ezezagun ezagun hura.
Behin edo bitan izan naiz harekin. Beti ere beste hainbat pertsonekin inguruan eta talde eztabaidan. Ez dut sekula berarekin zuzenean hitz egin. The balde batetarako haren poesia bat komiki bihurtu nuen eta ez nuen ausardiarik izan tabernara gerturatu eta erakusteko. Amankomunean dugun lagun idazle batek egin zuen. Eta ez naiz ausartu orain hari elkarrizketa bat egiten.
Badira urte batzuk taberna utzi zuela baina tarteka harekin gurutzatzen naiz kalean. Alaba eskutik helduta, emaztearekin edo bakarrik pasioan, ezezagun ezaguna izaten jarraitzen du niretzat. Eta atsegin dut sentipen hori. Miresten duzun hori aurrean izan eta bera miretsia dela ez jakitea (horregatik ez dut sinatuko artikulo hau). Eta iruditzen zait gainera berari ere gustatzen zaiola. Ez saiatzeagatik, ez delako saiatzen idazle "maldito" edo baztertua izaten ere, eta izendapen hori lortzen saiatzen diren askok baino arrazoi eta bizipen gehiago du ezezagun ezagun honek.
Karmelo C. Iribarren. Egun, haurrei jartzen ez zaien izen klasikoa. Karmelo. K-az idatzita. Kontra egiteagatik. Potroak ukitzeagatik. Bakoitzak bere izena nahi duen moduan idazteko eskubidea duelako. Eta horren ostean misterio bat ezkutatzen duen Cpunto indartsu hori. Carmelo Karmelon bihurtzeko sakrifikaturiko C horri omenaia egiteko edo K maiuskula hori gehiegi harrotu ez dadin, auskalo. Poeta garaikide eta tabernari ohi batentzat Karmelo C. Iribarren baino izen aproposagorik ez zait bururatzen.