hurrengoa
charles h. fort    Salbuespenaren ikerlaria Hain maiteminduta gaude euskaldunak geure mundutxo propioarekin ez dugula kuriositaterik azaldu mundu ezezagunekin. Zilborrari begiratu diogunez luzaroan, hemen ez da loratu esoterismo modernoaren inguruko interesik. Berbena kataplasma edo behatzak giltzurruneraino sartzen dizkigun petrikiloa miresten dugu, hura bai, nolabait gure kulturaren zatia ere badelako. Petrikiloa, izen jator-jatorra. Euskalduna muturretik buztanera. Baina ez diegu jaramonik egiten zientziak bazterrean uzten dituen hondakinei. Bestelako fenomeno eta gertakizun paranormalei. Horiek jende xelebrearentzat dira, eta gu, euskaldunak serioak gara.

Horregatik, zoritxarrez, hemen ez dugu Charles H. Fort bezalako pentsalari, idazle, bide-erakusle eta ikerlaririk izan. Charles H. Fort 1874. urtean jaio zen Albanyn (NY) eta egun ezagutzen ditugun para-zientzia ia ororen teorizatzailea da: objektu hegalari ezezagunak, desagerpenak, mundu paraleloak, igel euriteak, kriptozoologia, teleportazioa,... Mulder eta Scullyk X Expedient telesaielan bizi zituzten abenturak ikustea besterik ez dago, saioko gidoilariek Charles H. Forten bibliografia osoa goitik behera errepasatu eta kopiatu zutela jabetzeko.

Ikerlari eta idazle handi honek, trebezia berezia zuen arrakastari ihes egiterako orduan. Bere libururen batek arrakasta lortzen zuen bakoitzean, hura zalantzan jartzen zuen lan berria kaleratzen zuen segidan. Benetan txalogarria eta eredugarria iruditzen zaigun jarrera. AEBtatik Ingalaterrara bizitzera joan zenean, ez zuen aukerarik galdu Hyde Parkeko Speakers Corner ezagunean bere teoriak azaltzeko eta eztabaidatzeko. Astero-astero, zortzi urtez hurbildu zen parkera, bertan biltzen zirenen gozamenerako. Charles H. Fort benetako antisistema eta anarkista bat izan zen. Handiena. Bere buruaren saboteatzaile izateko pertsona duin eta argia behar duelako batek. Frakasoaren amorante fidela izateko ez du edonork balio.

1932. hil zen Charles H.Fort. Ogi beltz, gurin eta whisky dieta zorrotzak lagunduko zuen bere heriotz goiztiarrean. Lan ugari utzi zuen idatzita. The Outcast Manufacturers (1909) nobela, Book of the Dammed (1919) zientziak baztertutako gertakizunen bilduma, Lo! (1931), Wild Talents (1932), Turra & Migu╠łe (1935) besteak beste. Argitaratu gabeko eskuizkribu ugari topatu zituen bere familiak, tartean Many Parts izeneko autobiografia. Beranduago argitaratzen joan diren lanak dira eta Fort-i, nahiz eta beste batzuk baino ezezagunagoa izan, idazle ameslari eta eroen panteoian lehentasunezko lekua egin diotenak. Zientzia paranormalen inguruko ForteanTimes aldizkari entzutetsuak izena (www. forteantimes.com) hari zor diola esateak ematen du salbuespenaren ikerketa bere bizitzako arrazoi egin zuen idazle honen garrantziaren neurria.