hurrengoa
zinemak etxetik bota ninduenean    Pelikula baten aurre ekoizpenean lanean zebilen lagun batek komentatu zidan.

- Aizu zure etxea aproposa dela uste dut pelikula baten sekuentzia filmatzeko.

Baiezkoa eman nion. Ez zuten asko ordaintzen, baina lagunak lagun dira eta nire etxean pelikula bat egiten ikusteak merezi zuela iruditu zitzaidan. Nire etxean filmatu behar zuten eszenan, emakume bat tiroz hiltzen Arratsalde batean filmatuko zutela esan zidatenean ez nekiena zen bi aste lehenago hasiko zitzaizkidala etxetik azaltzen. Etortzen ziren bakoitzean haiekin geratu behar ez izateko etxeko giltzak utzi nizkien. Eta orain, tipa ezezagun batek nire etxeko giltzak ditu. Nire etxera joaten da niri abisatu gabe eta nik nire etxea nirea ez dela sentitzen dut. Tarteka nirea sentitzen ez dudan nire etxetik alde egiteko beharra sentitzen dut. Nireak ez diren gauzez beteta dago.

Ezezagun pilo bat sartu eta irteten da. Ziur nago horietako askok ez dakiela nor naizen ere. Haientzat nire etxea dekoratu bat da. Lanetik itzultzen nintzen bakoitzean etxean aldaketak ikusteaz ohitua nengoen... gaur arte. Nirea sentitzen ez dudan etxera itzuli eta paretak berdez margotuta ikusi ditut. Berdez! Ez dut berde kolorea atsegin. Are gutxiago berde tonu hau. Badakit alde egiten dutenean berriro zuriz margotuko dutela, baina nik jakingo dut, zuritasunaren azpian Hulk ikaragarria dagoela ezkutuan, edozein unean atera zain...

Etxean filmaketa prestatzen ari ziren egunotan oparitu zidaten katakume beltzari Roma izena jarri diot.

Arratsalde batean filmatu dute emakumearen tiroketaren eszena.

Alde egin du zineak nire etxetik. Beste norbaiten etxea inbaditzera ziurrenik. Tiroz hil zuten emakumea tiroa jaso ostean altxatzen ikusi nuen arren, badut sentsazioa haren mamuarekin bizi beharko dugula Roma eta biok zinemak lapurtu zigun etxean...