hurrengoa
taska kultur klub: su beltza!    Kultura gastronomikoa kontzeptua entzuten dugun bakoitzean, pauso bat atzera egiten dugu. Askotan, esnobismoaz, pedantekeriaz eta alkimia merkea eginaz, gastronomiak goi mailako kultura elitistarekin bat egitea duelako xede. Horregatik maite ditugu A Fuego Negroko lagunek antolatzen dituzten kultur jarduerak,kalekoa eta herrikoia delako beren kultura gastronomikoa. Nola aldatu da A Fuego Negroren pertzepzioa lokala zabaldu zenutenetik? Zer joan da aldatzen?

Printzipioz gastronomikoki irtenbide profesional gisa zabaldu genuen, kalera eraman nahi baikenuen jatetxe askotan publikoarekin konexiorik izaten ez duen sukaldaritza hori, nornahik dasta zezan. Jakina, gure pertsonalitateaz zipriztindurik dago taberna: musika, komikia, liburu... Urteen poderioz, sukaldaritza garrantzi handia hartzen joan da, eta, azkenean, hiru liburu argitaratu, makina bat kolaborazio, bidaia asko, kamisetak
egin, festa eta kontzertuak antolatzea eta abar ahalbidetu digu honek. Orain arte gastronomia batere ohikoa ez zen esparruetan ere sartu nahi izan dugu.

Gastronomiaren mundua anitza izanda ere... diskurtsu nahikoa klonikoa du... erraz iragar daitekeena... Zuek, ordea, ikuspuntu urbano eta herrikoiagoa duzue...Soula, komikiak, laburmetraiak, funk, hip hop, diskak, liburuak... Irudi grafiko eta baita pertsonalagoa ere, kaleari loturik dena...Zergatik ez dago zuena bezalako eskaintza gehiagorik?

Ez dugu gure bizitza sukaldaritzarik gabe ulertzen, baina ezta soilik sukaldaritzarekin ere. Gure gastronomia eta mundua ulertzen duen gero eta jende gehiago dago, eta, pixkana-pixkana antzeko filosofia dun garito desberdinak zabaltzen ari dira hortik zehar: gastrobar edo bistro berezi bakan batzuk; baina aldaketa soziala ematen ari dela ezin uka! Ez duguna ulertzen da nola oraindik gastronomiaren munduan ez diren gauza erradikalagoak zabaltzen, gastronomia lokaler a egokiturik, eta, kalera begira.

Komikizale porrokatu garen aldetik, zuen Pintxos y Viñetas eta The Black Cook Book gure errezeta-libururik kutxunenak ditugu. Egile horien guztien esku-hartzea nola lortu duzue?

Artisten ibilbidea eta lanak jarraitzetik sortzen den harremanarengatik izan da dena. Euren lana pasioaz hartzeak askotan leku batean edo bestean beraiekin topatzea ekarri digu, eta, euren lana baloratuz, erosiz eta bazkaltzera Donostiara gonbidatuz lortu dugu dena. Hartu-emana honela laburbiltzen da: egiten dakigunaren arteko elkar trukaketa. A Fuego Negrora ekarri, lekua ezagutu dezatela eta jaten eman asetu arte; eta artistek primeran erantzuten dute beti. Pintxos y Viñetas, adibidez, Pasaiako Bruno Hidalgo marrazkilariarekin egin genuen, eta, bere aldeko apustua egin genuen. The Black Cook Book hamaika artisten batura da: Miguel Angel Martín, Montrialgo, Abarrotx, Furillo, Álvarez Rabo eta beste hainbat. Underground kulturako izen handiak! Eta liburu hauek argitaratu eta saritu badituzte artista hauen ezinbesteko laguntza guztiarengatik izan da, noski!

Musikari ere gogor eman diozue, zinemari ere laburmetraia batzuekin, non kristo guztia inplikatu duzu...

Bai, urte hauetan guztietan jende aktibo eta kolaboratzaile andana ezagutu dugu, tartean, Fermin Muguruzarekin esaterako, Pintxatu liburu-diska atera zen. Gutariko batzuk DJak gara, eta, musikari asko ere ditugu lagun. Eta Serie Bko zinemazale porrokatuak garenez Axel Casas eta Ronqueterekin eratu dugun kimikaren ondorioz bideoak eta ikuskizunak egin ditugu eta, jendeak paregabeki erantzuten digu beti.

Taskakulturklub da zuen azken urratsa. A Fuego Negro kalera irteten jarraitzen duzue, eta, kalea A Fuego Negron sartzen...

A Fuego Negroren aktibista-ibilbidean beste heldutasun puntu batera heltzea izan da Taskakulturklub sortzea. Orain arte, gure sukaldaritzaren inguruan egiten ari ginen jarduera guztiak ez zirela lokaletik irteten zirudien, eta, pausu berri honekin zuzenean kaleari eskaini nahi dizkiogu ekintzok; kaletik bizi baikara eta kaleari gure harri koxkorra eman behar baitiogu ekintza hauen bitartez. Taskakulturklub aurrerapausu itzela izan da: irabazirik gabeko kultur elkartea eratu dugu, A Fuego Negroren bultzadaz, hiruhileko programazio zabala eskaintzeko. Asteroko ekintzak dira, gainera: euren sukaldaritzaz haratago doazen garitoak gonbidatzen ditugu beren mundua azal dezaten, kontzertuak, zinema-proiekzioak, aurkezpenak, prentsaurrekoak, ikuskizunak, antzerkia, igandero DJak zuzenean vermuaren orduan kultur gosea eta harremantzea larunbatez haratago joateko...
Honez gain, zerbait eskaini edo aurkeztu nahi duen ororentzat irekirik da Taskakulturklub, euren proiektuak entzun eta aurrera eramateko. Honen abidibe, Plater Hautsiak talde erakusketa,
non hogei euskal artistek plater apurtu bana artelan bilakatu duten. Jende aktibistaz gorpuzturik dago Taskakulturklub. A Fuego Negro ezagutzen ez duenak pintxo eta ardo baten truke edozein egunetan ezagutu dezake, edo eta gure bi menu mota dastatuaz. Bilatu gaitzazue sarean eta On egin!