hurrengoa
itsas estrukturak -guda arkitekturak-    Gizakiak itsasoan egin dituen eraikuntzen artean, gerrarekin zerikusia dutenak dira ziurrenik ikusgarrienak. Horren lekuko bigarren guda mundialean eraiki ziren Maunsell dorreak. Dorre gotortu hauek, etsaien itsas ontzi, mina eta Manchako kanalaren beste ertzetik zetozen hegazkinak garaiz ikuskatzeko eraiki ziren Ingalaterrako kostalde eta ibai eremu ezberdinetan. Mad Max eta Waterworld film post apokaliptikoen aztarnak diruditen eraikin hauen gerra osteko istorioak dira ordea interesatzen zaizkigunak.

1964. urtetik aurrera, eta gobernu britainiarrak ezartzen zuen zentsura eta kontrol zorrotzari ihes egiteko, dorre hauek ¨abordatu¨ eta ¨pirata¨ talde ezberdinek irrati libre ugari sortu zuten bertan: Radio Caroline, Radio Sutch, Radio Invicta, King Radio,... eta horien artean Paddy Roy Batesek Knock John izeneko dorrean sortu zuen BBMS (Britains Better Music Station) ezaguna. Irratia itxi ziotenean bertan geratu eta The principality of Sealand mikronazioa sortu zuen. Munduko herrialderik txikiena. Azken honen historiari ordea ez diogu jaramonik egingo. Asko hitz egin eta idatzi da Sealand-en inguruan, baina bertoko agintariek printzerri bihurtu zutenetik bizkarra eman diogu. Ez zaizkigu monarkiak interesatzen.