hurrengoa
508 lansa hegaldia    Merkellen ileapaindegi berdinera joaten dela dirudien emakume hau Juliane Diller da. Mamalogian aditua da (adi, mamalogia ez da ez amak ikertzen dituen zientzia, ez bularrak ikertzen dituena ere), eta, batez ere, sagu zaharren ikerketan dago espezializatua. Ez da harritzekoa. Aita biologoa zuen, eta ama mundu osoan ezaguna zen ornitologoa. Amazoniako lau txori tropikalei bere abizena eman zien, Maria Emilia Koepckek.

Emakume hau, Joan Diller, edozein estatistika zalek hegaldi batean bere alboan eserita nahiko lukeen pertsona horietako bat da. 1971ko abenduaren 24an, amarekin eta beste 92 bidaiariekin Limatik Iquitosera zihoan Lansa konpainiako 508 hegaldia hartu zutenen artean, bizirik dirauen bakarra da. Hegazkina Andes mendikatea pasatu eta Amazonia gainetik zihoanean, ekaitza sartu eta tximista batek erregai-tankea jo zuenean motor batek su hartu zuen. Pilotuak altura galdu zuen emergentziazko lur hartzea egiteko, baina, bat batean, hegazkina bitan zatittu, eta kontrolik gabe jausten hasi zen. Ohianaren kontra jo aurretik, Julianeren eserlekua hegazkinetik ebatzi zen, eta zuhaitzen adar eta hosto tapizaren kontra jo zuen. Horrek, eta gerrikoa eserlekura lotuta izateak, salbatu zion bizitza.

17 orduz konortea galduta egon ondoren, esnatu, eta inguruan hegazkinaren eta bidaiarien gorputz zatiak besterik ez zituen ikusi. Julianek klabikula bat hautsita eta begian kolpe bat besterik ez zuen. Hurrengo egunetan, laguntza noiz helduko zain egon zen, amets gaizto paisaia hartan, baina inor azaltzen ez zela ikusita, gurasoen natura irakasgaiak ekarri zituen gogora: errekatxo bat topatu, eta hura korrontean behera jarraitzen hasi zen. Egunak eman zituen oihanean barnako bidaia horretan. Indarra galtzen zuen abiadura berean, zauri irekietan eltxoek larbak jartzen zizkioten. Istripua izan eta ia bi astera, ibai batean kanoa bat topatu zuen arte. Hura hartu zuela uste baduzue oker zabiltzate. Ongi hezitako neska izanik, han geratu zen kanoaren jabea azaldu zain. Handik bi egunera, kanoaren jabeak ziren bi ehiztari azaldu ziren. Zauriak zaindu ondoren, bederatzi orduko bidaia egin zuten kanoan, eta populatuta zegoen lehen herrira eraman zuten, eta handik segidan Pullcapara. Han elkartu zen bere aitarekin.

Aurrerago jakin zen hegaldi hartako beste 13 pertsona atera zirela bizirik hegazkinak oihanaren kontra jo ostean. Baina ez zuten oihanaren lege naturala gainditzeko aukerarik
izan; guztiak hil egin egin ziren. Horregatik, Zoologische Staatssammlung Mu╠łnchenera (Munichko Zoologia Museoa) joaten bazarete, eta hango liburuzaina, Merkelen ileapaindegi berera doan emakumea, ikusten baduzue, ez diozue begiratuko artikulu hau irakurri aurretik egingo zenuketen modu berean.