• 1
  • 2
hurrengoa
zuhaitz bat erortzen denean    Asier Altuna zinegileari galdera luzatu diogu: Zertaz doa zure filma? Berak textu hau eta filma idazten ari zenean eginiko idatzi eta marrazki hauek utzi dizkigu. Zertaz doa filma? Film bat egiteko prozesua aurrera doan heinean gero eta gehiagotan erantzun behar izaten diogu “zertaz doa pelikula?” galderari. Behin baino gehiagotan trabatu egin naiz galdera hori erantzuten. Pentsa dezakezue, sortzaile bat zerbait egiten hasten denean, lan hori zertarako, zer kontatu nahi duen eta zertaz doan oso argi duela. Ba hori ez da nire kasua. Batzuetan filma bukatu eta oraindik ez dakit oso ondo zer kontatu dudan. Eta ezjakintasun horrek bultzatzen nau aurrera jarraitzen. Ikusleak filma ikusten izaten duen bidaiaren antzera, pantaila aurrean geldi, zer gertatuko denaren peskizan,
filmak nora garamatzan begira. Niri, irudiek harrapatzen naute. Irudiak obsesio bihurtzen zaizkit. Irudiek segika izango banitu bezala sentitzen naiz askotan. Obsesionatzen nauen irudi indartsu baten inguruan film laburrak sortuak ditut lehen ere. Urria bukaeran errodatua izango dudan filma aspalditik segika ditudan irudi batzuen inguruan sortu dut.

Gazte batek txuri beltzezko argazki batetik ateratako familia osoa du bere bizkar gainean, dozenaka senide. Gazteak harri jasotzaileen antzera pisuari eusten. Aspalditik segika dudan beste irudi batean, txuri beltzezko argazki batetik ateratako beste dozenaka senide, gaztea gerritik lotua duen sokatik tiraka ari dira. Alde batetik familiak baten gain eragiten duen zama dago eta bestetik zama hori saihesteko ihes egitearena. Soka.

Hauxe da filma honen konfliktoaren hasiera. Familiaren pisua gainean duen gazte batek baserritik alde egiten du. Horrek ingurua dena aldrebesten du. Jada badugu konfliktoa, jada badugu misterioa. Gero, Kirmen Uriberen, abesti batek oso egoera polita eta metaforikoa planteatzen du. Hortik pelikulako sekuentzia zentrala atera dut. Eta Mikel Laboaren, Oroitzen zaitudanean ama abestiak ere pertsonai bat osatzen lagundu dit. A zer nahasketa arraroa! Hau dena eta koloreak. Gorria, zuria eta
beltza. Gure pelikulan seme alaba bakoitzari kolore bat eman zaio jaio orduko. Kolore horrek familian izango duen rola irudikatzen du. Eta bizi guztirako bere nortasuna markatuko dio. Hori dena dago filmean, baina erantzuten al dio honek zertaz doa pelikula galderari? Seguru asko ez.
Pelikula apurketaz da. Apurketa belaunaldien arteko transmisioan. Baserriko balore eta bizimoldeen gainbeheraz. Inkomunikazioaz. Hizkuntza ezberdina hitz egiten duten zahar eta gazteez. Bizitza komunitarioaz eta indibidualismoaz. Naturaz eta hiriaz. Bi munduen talkaz. Azken finean, bukatzen ari den unibertsoari egin nahi diodan omenaldi xumea da.
Argi geratu al zaizu.... Zertaz doan filma?