hurrengoa
berrerabilpenaren komunitatea maga salati   I  maga salati Diotenez, “munduko herrialde guztiek Euskal Herriak mantentzen duen kontsumo maila edukiko balute, Lurra bezalako hiru planeta beharko lirateke hori guztia ekoiztu ahal izateko”. Baieztapen harrigarria da, beldurgarria.

Asko, gehiegi kontsumitzen dugula badakigu. Badakigu, baita, kontsumitzen ditugun gauza asko eta askori ez diegula merezi duten erabilera ematen. Eta jakin, badakigu, gauza horiek, azkenean, gure etxeetako trastero, garaje edo txokotan amaitzen dutela, eta usteltzen direla, oraindik erabilgarri izanik. Eta gauzak esaten ditugunean askotariko objektuei buruz ari gara: arropa, altzariak, haur-kotxeak, jostailuak, mozorroak, etxetresna elektriko txikiak, liburuak, mendiko materiala... “Norbaiti emango nioke hau, baina ez dakit nori...”, maiz pentsatu izan dugu. Eta, maiz, hori nori eman ez dakigunez, zakar kontainerretara botatzen dugu, eta ahaztu egiten dugu, nahiz eta hori egoera onean egon eta erabilgarria izan.

Orain badago gauza horiei berrerapilpen bat eskaintzeko aukera, norbait hori aurkitzeko parada. Interneten dago, eta truke.eu du izena. Bertan, behar dena bilatu eta erabiltzen ez dena eskaintzeko okasioa izango du ataria bisitatzen duen edonork. Formulario sinple bat bete beharko da behar ez dena iragartzeko eta profila sortu, besterik ez, behar dena bilatzeko. Erraza da, eta azkarra. Erabiltzaileak, beraien artean eta bitartekaririk gabe arituko dira.
Beraiek erabakiko dute noiz, non eta zeren truke egin transakzioa. Gainera, interes edo gertutasun geografikoaren araberako foroetan parte hartzeko aukera egongo da. Erabiltzaile, bisitari eta lagunek sortuko dute komunitatea, beren ekarpenekin dinamizatuko dute webgunea. Berriak egongo dira guztien eskuragarri, informazio jarioak elikatuko du plataforma. Eta guztiek aterako diote etekina.

Garai berrietara egokitu beharra dago, bigarren eskua, trukea eta partekatzea pil-pilean behar dute egon. Izan ere, eta funtzionatzeko modu hauek dakartzaten begien bistako abantailez gain, badago haratago doan funtsezko zergatia: bigarren eskuko salerosketak,
trukatzeak eta oparitzeak hobeagoak garela sentiarazten gaituzte, eta horrek zoriontsuago bihurtzen gaitu.