• 1
  • 2
hurrengoa
the ex: bira etiopian    The Ex Holandan sortu zen 1979an. Punk eztandarekin jaio baziren ere, jarrera berezia izan zuten hasieratik. Autogestioa eta ideologia anarkistari, esperimentazioa eta bide berriak urratzeko gogo nabarmena gehitu zitzaizkien. Azken 35 urteotan diskoak grabatzeaz gain, The Ex taldeak belarria AEBetan edo Ingalaterran soilik jarri beharrean, Turkia, Hungaria, Etiopia eta Kongoko musikari ere jaramon egin dio. Eta, beste batzuek egin dutenaren kontra, ez da jarrera estetiko edo promozionala izan. The Ex-ek pasioz esploratu ditu herrialde ezberdinetatik heldutako
musikak, eta loturak egin ditu leku horietako musikariekin. Horren lekuko, taldeak antolatzen
dituen bira bereziak. Makina bat izan dira 35 urteko ibilbidean. Guri, ordea, 2004an Etiopian egin zuen lehen bira hura (aurrerago ere itzuli dira han jotzera) iruditu zaigu deigarria. Musika tresnak, soinu ekipoa eta argi indar generadore bat hartu, eta Etiopiara abiatu ziren musikaren
pasioak bultzatuta.

Honako hauek Andy Moor-ek Ethiopian news egunkarian eginiko elkarrizketatik berreskuratu ditugu.
Zergatik Etiopia?

Hogei urte daramat Afrikako musika entzuten. Amsterdamen hamar bat jatetxe etiopiar daude, eta horietara joateko ohitura dugu aspaldidanik. Jatetxe horietan jartzen duten musika kaseteetatik zetorrela jabetu ginenean, grabaketa horiek eskatzen hasi ginen. Horien artean, bazen sekula ikasten ez genuen izen arraro bat. Izugarri gustatzen zitzaigun. Orduan deskubritu genuen Getachew. Etiopiara joan ginen lehendabiziko aldian, haren kasete piloa eskuratu genuen.

Biran / on tour

Ez genuen aretoetan jotzen. Kalean antolatzen genituen kontzertuak, espazio publikoetan. Antzoki abandonatu bateko eskaileretan, plazetan... Gasolindegi batean ere jo genuen, eta hiru mila pertsona inguratu ziren hara...erokeria izan zen. Jakina, berehala ikasi genuen jo aurretik poliziari eskatu behar geniola baimena, eta, batzuetan diru apur bat eskatzen baziguten ere, lortzen genuen jotzea. Guk geuk iragartzen genituen kontzertuak, kotxe bat hartuta eta megafonoaz batetik bestera emanaldiak iragarriz;
jakina, musutruk izaten ziren.

Gure hasierako beldurretako bat zen zer nolako erantzuna izango zuen jendeak gure kantuen aurrean. Horregatik, kantu melodiko sorta aukeratu genuen, baina, gero, bat batean, kablea gurutzatu zitzaigun, eta benetan maite genituen kantu eroak sartu genituen kantu zerrendan. Eta, hain zuzen ere, horiek izan
ziren arrakasta gehien izan zutenak. Energia eta kutsu erritmikoa zuten kantu horiek izan ziren, ziurrenik, gertukoenak haientzat. Hala ere, haientzat arrotza behar zuen guzti hark. Han ez da punk historiarik izan. Hip hop apur bat badute, R&B apur bat, Soul apur bat eta 60 hamarkadako James Brown eta enparauen gauzak... Baina ez dut uste sekula entzuna zutenik gure moduko punk musikarik. Jendearen erantzuna bitxia izan zen. Harridura eta asaldura sentitzen zutela iruditzen zait. Zer egiten zuen han musika talde holandar arraro horrek beren musika zaratatsuaren eta Etiopiako musikaren arteko nahasketa egiten? Izan ere, hura egiten saiatu ginen. Hango musika eta kantu batzuk ikasi, eta gure kantuekin nahasten genituen. Kontzertuetan festa giroa zen. Haientzat, ziurrenik, ikuskizun bizarro bat zen, baina espektakulua, azken finean. Eta modu baikorrean erantzuten zuten beti.

Kasetearen erreinua

Kasetea da Etiopian musika entzuteko modurik zabalduena. Kasetean saltzen da musika. Kopiaren kopiaren kopia. CD formatua garestiegia da, eta taxi eta kotxeetan kasetea erabiltzen dute. Horregatik, 10.000 kopia egin genituen gure musikarekin, eta, biran ginen bitartean, oparitu egiten genituen eta ahal genuen toki guztietan uzten. Taxi gidariei piloa eman genizkien, haiek dira eta musika zabaltzen eta garraiatzen dutenak. Hiri guztian barna eraman zuten gure musika. Ederra izan zen.