hurrengoa
carol kaye: ezezagun baten doinu ezagunak    Izar ugari eman du musikak historian zehar. Erdi Aroko musika konpositoreetatik hasi eta egundaino, hamaika izan dira historia liburuetan beren izena idatzita utzi duten musikariak. Izar konstelazio horren inguruan, ordea, izarrak baino are musikari hobeak izan diren musikari asko daude itzalean: estudio edo sesio musikariak. Beren burua artista eta ¨genio¨tzat duten askok ¨mertzenario¨ ezizena ematen diete musikari hauei. Baina, aristokrazia kapritxoso nabarmena dagoen musikaren munduan, zerbait izatekotan, musikaren benetako langileak dira estudio musikariak. Omenaldia egin nahi diegu the balden; horretarako, estudio musikaren ortzian topa daitekeen izar ezezagun eta berezienetako bat aukeratu dugu: Carol Kaye. Carol Kaye 1935ean jaio zen, Everett hirian. Clyde eta Dot Smith izeneko bi musikarien alaba, txiro hezi zen Washington estatuko hainbat hiri eta herritan. 1949an, hamalau urte besterik ez zituenean, gitarra irakasle gisa hasi zen lanean. Dolarrik ez zegoen sobran Smithtarren etxean. 50eko hamarkadan be bop jazz gitarra jole jardun zuen Los Angeles-eko klubetan. 1957an, Sam Cooke kantuak Capitol Records-en grabatzen zebilela, baxu jolea ez zen azaldu, eta Fender baxua joko zuen norbaiten bila hasi ziren; norbait gogoratu
zen, orduan, klubetan aritzen zen ilehoriarekin.
60 eta 70eko hamarkadetan ilehori hura ez zen estudioetatik atera. Estudio musikari gutxik du emakume honen kurrikuluma. 10.000 grabaketa baino gehiagotan hartu du parte, nagusiki baxua jotzen.

Batzuetan, gitarra jole gisa ere aritu da. Zerrenda luzea da, eta ezin ditugu guztiak aipatu, baina hona hemen adibide batzuk: Brian Wilson eta Beach Boysen diskoetan jo zuen, Ritchie Valens-en La bamba grabaketan, Simon and Garfunkelen hainbat diskotan, Frank Sinatra, Nancy Sinatra, The Doors, Sonny & Cher, Joe Cocker, Barbra Streisand, Ray Charles, Frank Zappa, Ike & Tina Turner, The Righteous Brothers, The Monkees, Buffalo Springfield… Horien eta beste hainbat talde eta musikariren lanetan entzuten den baxua Carol Kayerena da. Ekoizle eta film musikagileen baxu jole kuttuna ere bihurtu zen. Beste batzuen artean, Lalo Shifrin, Phil Spector, Elmer Bernstein, John Williams, Alfred Newman eta Quincy Jonesen estudioko baxu jole izan zen. Azken horrek honela idatzi zuen bere biografian: “Emakumeek ez dute aukera gehiegi izan mundu honetan, baina, Carol Kaye baxu joleak Fenderra hartzen duenean, edozer gauza egin dezake, eta gizonezko baxu joleak hauts bihurtu”. Telebista saio ugariren sintonien grabaketetan ere parte hartu zuen: Cannon, The Streets of San Francisco, Mission Impossible, M*A*S*H, Kojak, Love Boat, Cosby Show, Hawaii Five-O, The Addams Family, The Brady Bunch, Bonanza, Wonder Woman... Kayek milaka ordu sartu zituen grabaketa estudioetan. 80eko hamarkadaren hasieran erretiratu zen, artritisak jota, eta gitarra eta baxu lezioak ematera itzuli zen, 14 urte eta poltsikoak hutsik zituenean egin zuen moduan. Egun, ia 80 urterekin, gitarra eta baxu klaseak ematen jarraitzen du. Ziurrenik, Carol Kaye izena ahaztuko dugu, baina betirako iraungo du berak jo eta grabatutako musikak.