elur marrazkiak
irudia
Noiz hasi zinen elurra zure artelanen osagai gisa erabiltzen?

Ez nuen nik elurra aukeratu, nolabait elurrak aukeratu ninduen ni. Istripuz gertatu zen. Niri berez ez zitzaidan elurra gehiegi gustatzen eta hasieran ez nintzen batere baikor azaldu Coloradoko artista erresidentziara (Anderson Ranch Arts Center) lehendabizikoz gonbidatu nindutenean. Snow Drawings (Elur Marrazkiak) jolasaren ondorioa izan zen. Lehen egunetan nire elurretako botak frogatzen nenbilen eta erresidentzia alboan zegoen elur lautada batean paseatzen hasi nintzen- golf zelai bat zen-.

Ibilaldi hori egiteko ohitura hartu nuen eta halako batean argazki kamara bat eraman nuen. Eta orduan piztu zitzaidan interesa. Elurretan uzten nituen urratsen bi irakurketa jasotzen nituela konturatu nintzen, eguzkiarekiko kameraren posizioaren arabera marrazkiaren lerroak ilunak edo oso argiak azaltzen zirela jabetu nintzenean.

Nola aukeratzen dituzu zure lanentzako espazioak? Proiektu erraldoi hauek egin aurretik zerlan egiten duzu?

Beti nago proiektuetarako espazioen bila jakina, beti ditut begiak eta belarriak elur marrazkientzat aproposak izan daitezkeen mihise paisaia ederrei so. Batzuetan, jendeak, aurretik bisitatu eta aproposak iruditzen zaizkien tokiak erakusten dizkit. Askotan ezagutzen ez ditudan lurraldeetatik gonbidatzen naute. Iaz adibidez Frantziako Alpeetatik gonbidatu nindute elur marrazki proiektu bat egitera. Google Earth ere erabiltzen dut, bertara joan aurretik eremu ezberdinak ikusi ahal izateko, bereziki oso urruti badaude eta ezinezkoa bazait aurretik ikuskatzea. Google Earth berebiziko tresna da lan honetan.

Zure land art eta lan iragankorrek kolaboratzaile ugari behar dute... nola
konpontzen zara lan kolektibo horretan?


Ez dut nire lana ¨Land Art¨ gisa ikusten. Land Art piezak orokorrean irauteko eginak daude. Nire lana bestalde oso iragankorra da. Nik uste, lanaren sorkuntza espontaneoak, zeina prozesu guztian zehar gertatzen den, proiektuen parte hartzerako senak eta iragankortasunak Land Art-etik guztiz bereizten dutela nire lana. Eta bereizpen hau oso garrantzitsua da niretzat. Ez dut nahi nire ekintzek inongo orbainik utz dezaten naturan.

Organizazio bat edo gehiagorekin egiten dut lan, proiektua bultzatzen duten arte edo natura taldeekin batez ere. Normalean parte hartzaile talde handi batek erraz gauzatuko duen marrazki edo motibo sistema sinplea aukeratzen dut. Oso garrantzitsua da lanak motibo bera izatea, honek bideratzen duelako lanak osotasunean batasuna izatea eta ez marrazki solteen metatze bat.

Beste lan mota bat ere egiten duzu, bideoa, instalazioak, marrazkiak,... eta iruditzen zaigu zure lan guztietan ingurumenaren gaiak baduela asko sozialetik eta politikotik...

Bai, nire lanetako askok ingurugiroaz hausnartzen dute, normalki ez modu zuzenean baizik eta modu iradokitzaile eta kontenplatiboan. Ikusleak beren iritzi eta hausnarketa propioa egitea bilatzen dut nirea eman beharrean. Ingurumena niretzat oinarrizko gaia da, uste dudalako guztiok gure sustraietatik aldendu garela eta planetarekin rekonektatzeko beharra dugula ondorengo belaunaldiek planetan honetan bizitzen jarraitzea nahi badugu. Nire ustez ingurugiroaren kausa lehentasuna da; ingurugiro arazoei eta kontsumismo
basatiak planetaren errekurtsoengan duen eraginaren gaiari heldu behar diogu, esango nuke alderdi sozio-politikoa edo injustizia sozialaren aurretik...


sonja-hinrichsen.com


© argazkiak / photos by: sonja hinrichsen
courtesy: chandra cerrito contemporary, oakland usa