hurrengoa
ziklista baten heriotza    1988. urteko uztailak 18. Ibiza. Oraindik 50 urte bete ez dituen arren atso bat dirudien emakume bat bizikletan dabil asfaltaturik gabeko bide batean barna. Bizikletatik erori eta burua kolpatzen du. Inguruan dabilen taxi gidari batek jaso eta ospitalera eramaten du. Bertan, intsolazioa zenaren ustetan ez zuten behar bezala zaindu. Ia urtebete lehenago, “nire aurreko bizitzetako batean Kabla Khan buruzagi mongoliarra izan nintzen” esan zuen emakumea ez zen berriro esnatuko. Emakume hura 49 urte lehenago jaio zen Alemaniako Colonia hirian. Christa Paffgen izena zuen arren, betirako izango da Nico: Felliniren La Dolce Vitan lan egin zuen Nico, Terry brandy espainiarraren iragarkian atera zen Nico, Alain Delonekin Ari izeneko sema izan zuen Nico, New Yorkera joan eta Andy Warholen Factoryn ibili zen Nico, beste batzuen artean Jimmi Hendrix, Bob Dylan, Brian Jones, Jim Morrison eta Jhon Cale eta Jackson Browne maitemindu zituen Nico.

Europara itzuli eta Phillippe Garrell zinemagilearen musa eta maitalea bihurtu zen Nico. Bere bizitzaren erdia baino gehiago droga menpekotasuna gozatu eta sufritu zuen Nico. Jaiotzetik belarri batetik gorra zen Nico. Nicoren baitan zeuden Nico guztiak aipatzea ez du zentzurik. Dozenaka biografia eta artikulu irakurrita ere inork ez duelako ezagutuko benetan Nico. Inork ezin du benetan inor ezagutu. Baina jakin badakigu, Andy Warholek Velvet Underground-en lehen dizkoa egin zuenean, Nico inposatu zuela kantari gisa. Lou Reed-en iritziaren kontra. Eta ziurrenik inposaketa horrek eta diskoak izan zuen harrera hotzak eta salmenta eskasak bigarren diskotik kanpo utzi zuela (bide batez Warholi ere ostikoa eman zioten). White Light / White Heat bigarren diskoan, aurreko orrialdeetan irakurri ahal duzuen The Gift kantu-errelatoa grabatu eta argitaratu zuten. Lou Reed-ek idatzitako ipuinari Jhon Cale-k jarri zion musika. Ezkerreko altabozean ipuina errezitatua entzuten da, eskubikoan musika eta hitzak kantatuta. Taldeko bi egoek honezkero bat egiten ez zutenaren seinale.

Nicok bere bakarkako ibilbideari ekin zion, baina guztion zorionerako bere ahots sakon, hotz eta hauskorra hainbeste gauzaren aurrekaria izango zen bananaren diskoa grabatua zegoen. Nork daki, Kabla Khan eta Nicon gorpuztu zen hura non egongo den orain.