hurrengoa
nat tate: esistentzia abstraktua    William Boyd idazleak Nat Tate artista espresionista abstraktuaren bizitzari eta obrari eskaini dio bere azken liburua: Nat Tate. An american artist 1928-1960 (El enigma de un artista americano 1928- 1960, Malpaso ediciones). Berpiztu egin du horrela Nat Tate artista ahaztua, 50.eko hamarkadan arrakasta lortu zuena, eta 60.ekoan bere obra eta bizitza suntsitu zituena. Ahaztura horren arrazoia? Arrakastaren ostean, fartsante gisa ikusi zuen bere burua. Bere artearen inpotentzia obsesio bihurtuta, alkoholean ito zituen bere deabruak. Europara abiatu zen, baina hondorago egin zuen han, artista europearren maila sekula izango ez zuela jabetuta. AEBtara itzuli, eta hainbat urte eman zituen margoturiko koadro guztiak berreskuratzen. Bere lanaren % 99 biltzea lortu zuenean, guztia suntsitu egin zuen, eta, 1960ko urtarrilean, miresten zuen Hart Cranek egin zuen moduan, bere buruaz beste egin zuen, Staten Island-eko ferritik sato eginaz. Bere gorpua ez zen sekula azaldu. Willian Boyden liburuak esistitzen diren Nat Tateren obra gutxi horiek biltzen ditu.

Willian Boydek Nat Tate artistaren bizitza idatzi egin zuen, eta, 1997an Jeff Koons artistaren etxean ospatu zen festa batean, artearen eta kulturaren munduko hainbat jenderi azaldu zien nor zen Nat Tate; horien artean zeuden David Bowie eta Gore Vidal. Guztiek irentsi zuten amua; baten batek oroitzen zuela ere esan omen zuen. Eta, Boydek dena gezurra zela aitortu zienean, haserretu ordez, liluratuta, erabaki zuten zerbait egin beharra zegoela Nat Tateren istoriarekin, gezur hura nolabait egi bihurtu behar zutela. Zergatik? Boydek berak honela azaldu du: “50eko hamarkadako New Yorkeko artistak celebrity-ak ziren, eta beren proiekzioa talentuaren gainetik zegoen nabarmen. Jackson Pollock da adibiderik garbiena. Aurrerago, fenomeno bera gertatu zen 90eko hamarkadako Young British Artist haiekin guztiekin: Damien Hirst, Tracy Emin, Chapman anaiak, guztiak bihurtu ziren aberats eta ezagun... baina nik ez dut horien artean artista handirik ikusten”.

Espiritu kritiko horrek gidatuta, Londoneko bi galeria garrantsitsuenen izenak erabiliz, National Gallery eta Tate, Nat Tate pertsonaia sortu zuen. Artista famatua, bere obra oso ongi saltzen zuena, baina oso ondo zekiena, bere baitan, mailarik ematen ez zuen talentu gutxiko sortzailea zela. Eta, normalean, bere buruaz hori dakienak zorigaitzeko bizitza izaten du. Boydek eta bere lagunek Nat Tateren izena eta bizitza gora beheratsua zabalduz joan ziren urtez urte. 2011an, adibidez, Sobethy´s etxeak Bridge number 114 izeneko pintura jarri zuen enkantean, eta 7.000 liberatan saldu zuen. Espero baino askoz garestiago. Gerora jakin da Boyd bera izan zela artelanaren egilea, baita eroslea ere.

Liburua iaz argitaratu zen, David Bowie eta Karen Wrighten 21 Publishing argitaletxearen eskutik, hain zuzen ere. Engainuak, jakina, ez zuen luzaro iraun. The Independent egunkariko David Lister editoreak liburua irakurri, eta susmagarria iruditu zitzaion, Boyd eta bere lagunak kenduta, artearen munduko beste inork ezer entzun ez izana Nat Tateren inguruan. Ikertzen hasi, eta liburuak aipatzen dituen galeriak sekula esistitu ez zirela deskubritu zuen. Iruzurraren berri ematen zuen artikulua idatzi zuen segidan, ez hainbeste Boyd salatuz, baizik eta artearen munduak bizi duen autokonplazentzia eta kritika eza agerian utziaz.