• 1
  • 2
hurrengoa
shigeru ban: 3 dimentsioetako poesia    Shigeru Ban, azken Pritzker arkitektura saridunak, hiru dimentsioetako poesia egiten duela esaten badugu, akaso, artikulo hasera kurtsiegia dela esango du baten batek. Ezingo du gezurra denik esan ordea. Shigeru Banen arkitektura gainera, edertasun estetikotik haratago doa. Bere lanaren oinarrian, sustengarritasuna, iraunkortasuna eta arkitekturaren balio soziala nabarmentzen dira.
Shigeru Banek, Tokyon eta Califonian ikasi ostean, Cooper Union´s School of Architecture eskolan izena eman eta bertan ezagutu zuen New York Five taldeko partaiderik esperimentalena zen Jhon Hedjuk irakaslea. Hedjuk ¨maisuren¨ irakaspenek berebiziko eragina izan dute Banen ibilbidean. Banek, bere sustraia japoniarrak eta mendebaldeko arkitektura eskoletan ikasitakoak uztartu zituen. Japoniar arkitektura tradizionaletik hartutako ¨shoji¨ kontzeptua (altuerara aldaketarik gabeko zoru jarraia) eta Hedjuk irakaslearen ikuspegi razionalistari esker, arkitektura sistemen estrukturak sakonean ikertu zituen. Bere ibilbidearen haseratik, estruktura ikusiezinak eta arkitekturaren betebehar sozialak uztartu ditu, bere arkitekturaren ikur bihurtu arte. Arkitekturak ez du ezertarako balio bere baitan, zentzu bat izan behar du, galdera bati edo behar bati erantzun behar dio.

Arkitektu japoniarraren lanean gainera, naturak eta sustengarritasunak oinarrizko garrantzia dute. Eta hain zuzen ere, naturak gure bizimodu erosoan astindua sortzen duen une horietan garatutako arkitektura irtenbideak izan dira Shigeru Bani izen bat eman diotenak. Babeslekuak ikur bihurtu ditu arkitekto japoniarrak. Babeslekuak, iraunkortasunik bilatzen ez duten arkitektura efimeroak dira. Une jakin batean arazo
jakin bati erantzuten dioten eraikuntzak. Babesleku hauek eraikitzeko, merkea eta erraz topatu daitezkeen materiale birziklagarriak erabiltzen ditu gainera. Nagusiki paper eta kartoizko hodiak. Askotan industria ezberdinen soberakin direnak ( ohialak biltzeko erabiltzen diren kartoi hodiak adibidez). Babesleku hauek eraikitzen errazak dira, edonork, edonon eraikitzeko modukoak. Paper eta kartoizko hodiekin eginiko babesleku hauek mundu osoko krisialdi ezberdinetan erabili dira: 1994 Kobeko lurrikaran, urte bereko Ruandako genozidioan, 1999 Turkiako lurrikaran, Indiako Ahmedabab-en...

Shigeru Ban-en lanak, berritzaileak eta ederrak izateaz gain, ekonomikoki, sozialki eta ekologikoki etikoak dira. Askotan, bere jarduera, arkitektura efimero gisa definitua izan da baina ongi pentsatuz gero, bere eraikinek ez dute ezer efimerotik. Egia da, bere eginkizuna bete ostean eraikuntza desagertu egiten dela. Estrukturak eta materialeak birziklatu egiten dira eta eraikuntza desgaertu (eraikin guztiekin gertatuko da lehenago edo beranduago) baina Shigeru Banen babeslekuak bizirik dihardute eraiki eta erabili dituztenen memorian. Banen babeslekuak behin eta berriro agertzen dira, eraldatuta eta garatuta, beren beharra dutenak erabili dezaten. Poesiarekin gertatzen den moduan.

shigerubanarchitects.com