hurrengoa
vasco langara belea    Hernan Ordoñez, beste xelebrekeria askoren artean, The baldeko kolaboratzailea eta bele bat da. Cuervo bat. San Lorenzo de Almagro futbol taldearen zale amorratua. Eta horregatik bidali zigun argazki hau, Buenos Aires queridoko kaleetan, Boedo auzoan, topatu zuen mural batena. Futbol talde guztietan daude zale amorratuak, baina beleena beste zerbait da. Aita Santu zuri bat (Bergoglio) bele beltz bihurtzen duen futbol talde batek zerbait berezia behar du izan. Gauza berezi horien artean, ¨El Vasco Langara¨ dago. Isidro Langararen bizitzak pasadizo ugari ditu. Hernanekin behin baino gehiagotan hitz egin dut San Lorenzoko ¨remera¨ eraman duten euskaldunen eta euskaldunak ez direnen inguruan; izan ere, argentinar batekin futbolaz hitz egitea, bizitzaz hitz egiteko aitzakia bat besterik ez da. Beste argentinar batek, Newell´s Old Boys talde berezian lehen golak sartu zituen Jorge Valdanok, esan zuen moduan, “batere garrantziarik ez dutenen gauzen artean, gauzarik garrantzitsuena futbola delako”.

Isidro Langara 1939ko maiatzaren 21eko goizaldean iritsi zen Buenos Airesera, bi asteko bidaia luze baten ostean. Garaiko futbol talde gehienak hura fitxatzen saiatu ziren, River Plate ahaltsua tartean, baina Langarak San Lorenzo aukeratu zuen, han lagun zuen beste euskaldun batek jokatzen zuelako, Angel Zubieta atezainak. Portuan lurra zapaldu bezain pronto, auto batean sartu, eta ¨Gasometro¨ futbol zelai mitikora eraman zuten, San Lorenzok River Plateren aurka jokatu behar zuen partida ikustera. Langarak, ordea, ikusi baino, partida jokatzea nahiago zuela esan zuen, eta, lehendabizikoz jantzi zuen San Lorenzo de Almagroko kamiseta. Partidaren lehen 45 minutuak futbolaren historian zizelatuta geratu dira betiko. Langarak lau gol sartu zituen, 7., 13., 21. eta 39. minutuetan. Irratiak tipo handi eta ia ezezagun haren golak transmititu zituen herrialde osora. Argentinako etorkin galego, asturiar, euskaldun eta andaluziar guztien idolo bihurtu zen hiru ordu lehenago itsasontzian iritsi eta River Plate ahaltsua umiliatu zuen jokalari hura. Ondoren, jakin zutenean Langara errepublikarren aldekoa zela eta Euskadiko selekzioan jokatzeagatik erbestean zegoela, ia santu izendatu zuten.

Isidro Langara Argentina, Chile eta Mexikon bizi izan zen. Euskal Herrira itzuli zen 1986an, baina, ordurako, beleak ez zuen habi aproposik topatu lurralde hauetan, eta Ameriketara itzuli zen. Mexikon bizi izan zen aurrerantzean. Hala ere. tarteka itzultzen zen bere jaioterrira, Pasaiara, eta Atotxako futbol zelaira joaten zen Errealaren partidak ikustera, Luis Miguel Arkonada atezain mitikoaren aitaren konpainian. Haur koskorra zela Bildur Gutxi izeneko futbol taldean hasi zen ¨Vasco Langara¨ beleak 1992ko abuztuaren 21ean utzi zion hegan egiteari.