glasweegee: kale argazkia puri-purian
irudia
Despedidak ez dira agurrak. Despedidak, ezkondu aurretik normalean lagunekin egiten den desfasearen errituala izaten da. Mozorrotu eta zomorrotu egiten gaituen festa paganoa. Lehertu arte jan, itsutu arte edan, gure planetatik ihes egin arte drogatu,… Helloween balitz, munduko bazter guztietara hedatu den ohiturak ez du sekretu handirik: krema dirdiradunaz bustita eta markapaketez soilik jantzita dauden dantzari depilatuei ipurdia ukitu, txinoetan erositako zakiltxo diademarekin koadrilan atera, striptease dantzarien purpurina bularren artean burua ezkutatu, nata potetxoaz lagundutako mamading saioak,...klasikoak bata bestearen atzetik.

Glasgow-en jaio izanagatik Glasweegee ezizena duen Dougie Wallace argazkilariak makina bat gau pasa ditu kalean bere argazki kamerarekin. Giza portaeraren erretratatzaile fina, bere lanak ironia, absurdua eta umorea islatzen du lehen begiratu batean. Bigarren irakurketarako aukera emanez gero, erretratatutakoak epaitu gabe, bizi dugun gizartearen isla eta kritika iradokitzen du. Stags Hens & Bunnies, a Blackpool Story proiektuan, Ingalaterrako ezkontza despediden epizentrua den Blackpool hiriaren erretratu pertsonala egin du.