hurrengoa
fantomasen fan fatalak uxeta labrit   “Irudimena oinarri hartuta, Fantomas esistitzen den lan aberatsenetarikoa da.” Guillaume Apollinaire

“Lirismo absurdu eta liluragarria.” Jean Cocteau

“Zitalkeriaren usainari erresistitzeko kapaza izan ez eta egun osoa pasa nuen Fantomasekin...” Umberto Eco
Pulp fiction gisa definituak izan diren nobela edo eleberri popularren artean topa dezakegun hiltzailerik berezi eta erakargarriena da Fantomas. Ez da harekin konparatu daitekeen gaizkilerik jaio. Fantomas ez da gaiztoa, gaiztoena da. Fantomasek ez du mendekuagatik edo haurtzaroko traumaren batengatik hiltzen. Ez. Gustatzen zaiolako egiten du. Bere maltzurkeriak ez du mugarik. Bere biktimen izena eta izana hartzen du, hauen aberastasun, emakume eta luxuetaz gozatu ahal izateko. Fantomasen izaeraren adibiderik argiena: arrastorik ez uzteko bere semea erabili eta gillotinara bidaltzen du. Fantomas putakume bat da, "serial killer" guztien gainetik dagoen klasedun putakume erakargarria, eta ez da harritzekoa bere infernu partikularra Parisen kokatzea. Fantomas ez da inoiz bere izaeraz azaltzen. Beti beste pertsonetaz mozorroturik azalduko zaigu. Hori bai da bere misterioaren gakoetako bat. Sumatu egiten dugu, itzal bat balitz bezala agertu eta desagertu egiten da eta inoiz ez dakigu istorioaren zein pertsonaiaren atzean ezkutatzen den Fantomas. Misteriotsua, elegantea eta manipulatzailea, hilketak gauzatzeko, plangintza metodikoa eta zuhurra prestatzen du eta gehienetan pertsonai inozenteetaz baliatzen da bere ekintza maltzurrak gauzatzeko.
Fantomasek badu “nemesi” bat, Juve inspektorea, bera bezain azkarra eta Holmesen detektibe dohainak dituena. Fantomasek gainera amoranteak ditu. Horien artean garrantzitsuena Lady Beltham, Parisko dama lirain eta eskuzabala. (Fantomasek bere senarra mailukadaka akabatzen du). Ez dugu ordea istorioetaz ezer gehiago esango. Fantomasen hatsa lepoan sentitu nahi duenak…irakur ditzala bere abenturak! Pulp fiction kontzeptua AEBtan sortu bazen ere, aurrekari ugari topatu dezakegu Europan. Fantomas izan daiteke horien artean garbiena. Pierre Souvestre eta Marcel Allain-ek idatzi zituzten Fantomasen 31 nobela laburrak. Souvestre-k kotxe aldizkarien aitzindaria zen L´Auto kaleratzen zuen. Irudika dezakegun moduan ordea1911an autoen inguruko aldizkari batek ez zuen irakurle gehiegi. Eduki aldetik ere eskas samar ibiltzen zenez, bere laguntzaile Allain-i aldizkarian argitaratzeko zerbait eskatu zion. Hurrengo egunerako 17 orrialdeko ipuin bat ekarri zion. Modu horretan jaio zen Fantomas. Artheme Fayard editorek irakurri eta 5 eleberri eskatu zizkien. Arrakasta itzela izan zuten, besteak beste Gino Starace-k eleberrientzako egin zituen azal eder eta beldurgarriengatik. 1913an egin zuten lehendabiziko Fantomas filma. Ondoren 7. arteak behin baino gehiagotan berreskuratu du gure hiltzaile faboritoa. Aipagarria 60-70. hamarkadetan Louis de Funes-ek protagonizaturikoak. Eta Mexikon komiki pertsonai gisa ere ezagutu izan dugu. Baina guk, aukeran, nahiago dugu nobelatxo popular eta merkeetan itxaroten gaituen aurpegirik gabeko hiltzaile atraktiboa.