hurrengoa
ametsen amaiera    2003. urtean, Nikolaj Bendix Skyum Larsen artista, Arabiar Emiratoetan dagoen Sarjah-ko biurtekora gonbidatu zutenean, astebeteko bisita urtebeteko egonaldi bihurtu zen. Bertoko langileei erakusketa instalazioak antolatzen
irakasteko kontratatu bai zuten. Horietako langile asko India eta Pakistandik zetozen eta Larsenek orduan izan zuen, aurrez aurre, etorkinek egin behar izaten dituzten bidai luze eta arriskutsuen berri.

Eta orduz geroztik etorkinak izan dira bere lanaren ardatza. Etorkinen kontzentrazio handiak izaten diren guneetara (Frantzia, Turkia, Grezia, ...) filmaketak eta elkarrizketak grabatu eta ostean ikus-entzunezko instalazioak sortzen ditu, “Rendezvous”, “Promise Land” edo eta “End of Season” besteak beste.

2001. urtean, Thessaloniki-ko biurtekoan, porlanezko 48 giza eskultura egin eta hainbatetan kostaldeetako hondartzetan benetazko giza gorputzekin ikusi dugun moduan, oihalekin bildu zituen “Ode to the Perished” izeneko lanean.

Honaino, guztia gutxi gora behera normal. Gure errealitateaz hausnartzeko aukera eskaini nahi digun beste artista bat. Arte oenegeroaren mugan. Bestetik, putakume bat sentitu gabe kritikatzea zaila den artea. Biurtekoak, aldizkari espezializatuak eta gure izeba katekistaren oniritzia jasotzen duen artea.

Larsenek, oihalekin bildutako giza eskultura horiek plataforma batean eseki eta itsasoan hondoratzea erabaki zuen. Itsasoak bere higadura eta eraldatze lana egin zezan. Baina itsasoak hori baino gehiago egin zuen. Ekaitz batek, Calabriako badia batean zeuden giza eskulturak soltatu eta hondoratu egin zituelako han hemenka sakabanatuaz...

“Nire lan guztia galdu nuelako asaldaturik nengoen, eta Giuseppe Politi ur azpikoa argazkilari eta lankideari desastrearen irudia batzuk ateratzeko eskatu zion. Baina irudietan, tristura, ezinegona, edertasuna eta poesia topatu nituen. Bat batean jabetu nintzen, itsasoak, nire artea eta etorkinek bizi duten errealitatea bat bihurtu zituela”. Ondorengo hilabeteetan filmaketak eta irudiak egiten jarraitu zuten eta beste urpekari batzuk “erreskatatutako” hainbat eskulturak ere topatu ahal izan zituzten. Emaitza ¨End of Dreams¨. Artistak eta Mediterraneoak “elkarlanean”, hondoratuta itotako milaka pertsonei eginiko erretratu eta omenaldia.