hurrengoa
madarikatuak betirako eneko etxeandia   Aspaldi da The Damned talde britaniarra ez zetorrela gure aretoetako batean jotzera. Hamairu urte erraz... Sekulako notizia izan da beren itzulera. Lie Detectors-en jotzen dut gitarra eta gure taldeari luzatu zioten beren kontzertua irekitzeko eskaintza. Irudikatu nire poza. Lau sosa eskaini ziguten, baina egia esan doan jotzeko eskaintza egin izan baligute ere gustora joango ginela uste dut... Aitortzen dut, talde batzuekin groupie xamarra naiz. Dena den, oso gustoko ditudan beste talde batzuekin jo izan dudan aukera batzuetan, alu galantekin topo egin dut, beraz arreta apur batekin noa beti halakoetan. Askotan, handienak jatorrak izaten dira, eta bigarren mailako edozein taldek super izarren jarrera ergela erakusten dute.

Ez zen kasua izan. Jende jator eta urbilekoa suertatu zen. Zure musikari kuttunenetako batek zure taldeak eskainitako kontzertua eskenatokiko hegaletik ikusten duenean sekulako txutea da ni bezelako fan batentzat. Han zegoen Captain Sensible, nigandik 3 metrotara eserita, irribarre batekin O.K. keinua eginez. Hori nahikoa ez balitz, hurrengo egunean Bilbotik bueltaxka bat ematen ari ginela nor topatu kalean? Ba gure Kapitain Zentzudun maitea. Justu Donostiara bueltatzekoak ginenean eta lainotik jaisteko ahaleginak egiten ari ginenean, aireportura zihoan kotxe batetik bapatean atera zen gu agurtzera, azken argazkiak ateratzera eta diskak eta kamixetak bidaltzeko eskatzera. A ze tipoa!

Duela hiru hilabete estrenatu dute SXSW festibalean taldearen inguruan egindako “The Damned: Don’t you wish that we were dead” dokumentala. “Lemmy”-ren pelikula zuzendu zuen Wes Orshoski-k burutu du pelikula hau, Captain Sensible, Dave Vanian eta beste protagonista eta lagunekin hainbat urtez grabaketa lanak egiten ibili ondoren. Besteen artean Lemmy eta Chrissie Hynde agertzen dira. Badaude pelma batzuk dokumental eta rock pelikula guztietan azaltzen direnak. Kasu honetan ordea erabat justifikatua dago, izan ere jende gutxik dakielako bai Lemmy, bai Chrissie, The Damned-eko kide izan zirela epe laburretan. Motorhead-ek eta Damned-ek urte batzuetan ibilbide paraleloa eduki zuten eta lagunak izateaz aparte, kontzertu, grabazio, disketxe eta management berdina zeukaten.

Madarikatuen historia istilutsua da... Lemmyk erabat jota zeudela zioen eta beraiek zirela talde punkien artean hoberena eta benetazkoena. The Clash edo Sex Pistolsekin konparatuta ez zuten inoiz prentsa manipulatzen zuen manager makiavelikorik, ez eta arropa diseinatzaile propiorik izan ere... Lau izaera ezberdinen batuketa zen eta hori zen beren txispa. Faktore hauetaz aparte, musikari apartak dira. Sinisten ez
duenak entzungai ditu “Machine Gun Etiquette”, “The Black Album”, “Strawberries”, “Phantasmagoria” edo azken formazioarekin (iraunkorrena) ateratako “Grave Disorder”
edo “So, who’s paranoid?”. Rocka, psikodelia, garage eta poparen nahasketa zoragarria.

Oraindik ere sekulako zuzenekoak eskaintzen dituzte. Bilboko kontzertua izugarria izan zen. Hau ez da -askotan gurean gertatu den bezala-, ingalaterratik datorren punki mozkor talde bat. Hau beste liga bat da. Ea ongi merezita duten pelikula inguruan ikusteko aukera dugun.